sail ofiziala
Zuzendaria: Jose Luis Guerin. Herrialdeak: Espainia - Frantzia. Iraupena: 122 minutu.
Komunitatearen lilura
Zinema ez da bizitza, bizitzaren errepresentazioa baizik. Bizitzarekiko fideltasuna ia ezinezkoa da, ikusleak badaki hori, eta ahalegin bat egiten du fikzioaren eta errealitatearen arteko zubiak eraikitzeko, eta kontatzen ari zaizkiona sinesteko. Dokumentalean, kontrakoa badirudi ere, gauza bera gertatzen da, «benetako» kontuez jarduten badute ere, beti dagoelako filmaketa bat, eta ondorioz, mise en scène bat —eszenaratze bat—. Errodajean, zuzendaria hor dago, kameraren eta aktoreen arteko koordinazioa zehazten: «Jarri hor, pittin bat atzerago, eta hasi zaitezte hitz egiten zuen bizitzaz». Bere bizitza ari da errepresentatzen dokumentaleko pertsonajea, baina zinez ez da bera, pertsonaia bat baizik, aktorea.
Kamera tartean dagoen unean, egia desagertzen da, egia ustezko bati lekua egiteko. Jose Juis Guerinek duela 25 urte egin zuen ahalegin hau bera En construcción dokumental zoragarrian, non Bartzelonako Raval auzoko jendearen bizitzaren berri ematen baitzigun; honako kasuan, ordea, Bartzelonako Vallbona auzoko bizilagunak dira, nola edo hala, beren bizitzaren errepresentazioa egiten dutenak.
Auzoa ez dugu inork ezagutzen, ez delako mapa turistikoetan edota nobeletan agertzen. Txiroa da, iragan txabolistiko batetik dator, etorkinek populatzen dute nagusiki... periferia dira. Baina periferia horretan, dokumentaleko pertsonaiek aldarrikatzen duten moduan, lasai bizi dira eta «pribilegiatuak» dira. Zer daukate, ba, pribilegiatu sentitzeko? «Lasaitasuna», diote.
Baina dokumentalak beste zerbait erakusten du: saretzea daukatela, komunitate bat. Bakardadearen aurkako antidotorik onena, alajaina. Ez dago hobeagorik, ez zirkua, ez Eiffel dorrea, ez Walt Disney, ez Prozac-a, ez ezer: bakardadearen kontrako txertorik onena hurkoaren gertutasuna da. Begien bistakoa da Guerinek hau —edo halako zerbait— nahiko lukeela aldarrikatu. Zer nolako gaitasuna daukan gizakiak, interes kapitalistak tartean ez daudenean, elkarrekin bizitzeko, elkar zaintzeko eta elkarri laguntzeko. Ez dute elkarbizitza tailerrik behar, beti izan baitira elkarren aldamenean, elkarri so.
Dokumentala bikaina da, organikoa, bizitzaz betea. Luzeegia agian. Nekatuta atera gara proiekziotik, baina, ordu bat pasa orduko, hango jendea faltan hartzen dugu dagoeneko.