cULINARY ZINEMA
Jaten emateaz
«Jatea ez da esperientzia bat, beharra baizik, eta ez da dibertigarria, gauza serioa da». Hori dio Javier Urondok, Jota Urondo, un cocinero impertinente filmeko protagonistak. Garai batean gastronomiarekin eta alkimiarekin esperimentatzen bazuen ere, pandemiaz geroztik «soilik» jaten emateaz arduratzen da. Sukaldariak argi dauka bere tabernan —Buenos Airesko Urondo tabernan— jaten duen pertsonak bere eguneko unetxo bat eskaintzen diola, baina eguneko otordu guztietatik bakarra dela. Bere janari garrantzia kentzeko arrazoi bezala erabiltzen du hori; izan ere, Javierrek jaten ematen du, baina ez da chef-en tontakerietan sartzen.
Paco Urondoren semea da Javier, diktadura militarrak 1976an erail zuen idazle eta militantearena. Askok jatetxea bere aitari eginiko omenaldi edo santutegia dela uste dute, baina sukaldariak ez du bere aitaren irudi publikoan interesik, aita zen une horiek soilik gordetzen ditu maitasunez oroimenean. Tabernak Urondo izena du, bai, baina Javierren Urondo da, ez aitarena.
Haize freskoa dakar Mariana Erijimovich eta Juan Villegas zinemagileen dokumentalak Cullinary Zinema sailera. Hainbat Michelin izar dituzten sukaldariek eginiko plateren lehen plano ikusgarrien aldean, zoragarria da Javier sobratutako haragiarekin enpanadak egiten ikustea. Elikagaiari dion errespetua da haren sukaldearen oinarria, dena erabiltzen da, eta posible bada, baita berrerabili ere. Antzina gauzak egiten ziren era miresten du Javierrek, baina ez da bere zilborrari begira gelditzen, eta pasioz begiratzen die inguruan duen auzo korearreko sukaldaritza prozesuei, etxeko kimchia prestatzera iristeraino. Batzuetan izarrek presentzia handiegia hartzen duten sail batean, Urondok gertukotasuna eskaini digu, jaten ematearen garrantzia mahai gainean jarriz, apaingarri gehiegirik gabe.