SAIL OFIZIALA
Ispilu jokoa
Arteak Marcel Duchampen erruz daukan dilema, hauxe da: testuingurua hartu behar al dugu kontuan artea epaitzean, bai ala ez? Artea kontzeptualizatzea izan zen Marcel Duchampen ekarpena: edertasun hutsaz harago, zer litzateke objektu sinple bat, testuingurua aldatuta, museo batean erakutsiko bagenu? Duchampek komun bat jarri zuen museo batean, eta hura artelan bat zela aldarrikatu zuen. Gero, gerokoak. Eta egia da, kasu askotan, zinez, testuinguruak bai aldatzen duela obraren balioa edo, sikiera, obraren irakurketa baldintzatzen duela.
Jianyu laide mama honetan ere, testuingurua kasik filma bera baino garrantzitsuagoa da, istorioa lehen pertsonan bizi izan zutenen gorputzetatik kontatuta dagoelako. Ama, semea eta amaginarreba, denak dira antzezle eta antzeztu. Gogorra da istorioa: tratu txarrak jasotako emakumeak senarra hil du eta kartzelan dago. Handik irtetean, amaginarrebaren etxera joango da semearen bila. Egoerak parez pare jarriko ditu bi emakumeak, baina izugarri zibilizatua eta enpatikoa da enkontrua. Ispilu joko eder bat sortzen da, errealitatearen eta errealitate antzeztuaren artean. Artifiziorik eta esajeraziorik gabe dago errodatua, apenas daukan musikarik, ez baititu emozioak baldintzatu nahi, aitzitik, film gordina da, baina pertsonaiak beren larru propioan daudela jakiteak, oilo ipurdia jartzen dizu.
Hasieran esan dudan bezala, filmaren testuingurua ezagutzearen eta ez ezagutzearen arteko distantzia izugarri handia da. Bi film ezberdin ikusiko dituzu, hura ezagututa edo hura ezagutu gabe. Are harrigarriagoa da aktoreek nolako sosegua daukaten eta noraino diruditen zinezko aktore. Amaren eta semearen arteko elkarrizketak, adibidez, semeak amari aita zergatik hil zuen galdetzen dionekoak, sinesgaitza dirudi. Uneren batean The act of killing (Joshua Oppenheimer, 2012) filma ikustean sentitu nuena sentitu dut; han ere indonesiar soldaduak beren bizitza fikzionatzen ausartu ziren, nahiz filma dokumental gisa aurkeztu zen. Zinema ariketa ederrak biak ere, hura eta hau.