Donostiako 73. Zinemaldia

'Karmele'

Jone Laspiur aktorea, 'Karmele' filmeko irudi batean.
Jone Laspiur aktorea, 'Karmele' filmeko irudi batean.
lander garro
2025eko irailaren 23a
15:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Baga, edo ez ga

«Euskal zinemak badu bere Casablanca», aipatu zidan lagun batek, eta egia da: gerra, espiotza, musika, maitasuna. Harrotasun puntu bat sentitu nuen Eneko Sagardoi tronpeta-jotzaile gisa ikustean, lihozko jantzi dotore horiekin. Mo´Better Blues (Spike Lee) etorri zitzaidan gogora. Eta bai, izan ginen dotore, izan ginenez. Euskal kultura ez da beti txandalean ibili. Ez nuen Eresoinkaren istorioa ezagutzen, eta harridura sortzen du gorbataz jantzita ibiltzen zirela ikusteak, Europan barna hiriz hiri, geure existentzia aldarrikatzen, proselitismo desesperatu baina solemne batez.

Bazuen tropa hark ofizialtasun kutsu bat, ez dakit nola esan, sinesgarritasun bat. Jarri nahi duzuen izena. Eta han zegoen ilusioa, zerbait zinezkoa, handia eta efektiboa egiten ari ziren sentimendu inuxentea: «Lortuko dugu amerikarrek gu laguntzea!». Koitaduak! Badu, Eresoinkaren garai hark, gerora bilakatu garenaren traza profetiko bat: saiatuak, apasionatuak, inuxenteak. Handik aurrera, inork pentsatuko ez zuen zuloan sartu zen euskal kultura, gerra maltzurraren hankapean zapalduta. Faxismoa. Musika itzali zen, eta haren ordez etorri zen klandestinitatea, konspirazioa, eta faxisten kontrako borroka zuzena. Eta honekin batera, noski, tortura, kartzela, heriotza.

Tristura dario Karmele-ri, hain da gurea kontatzen dena, hain egiten da dena sinesgarri, gertuko, ezagun. Jone Laspiur da Karmele, eta haren ahotik ateratzen den guztia gelditzen zaizu gorputzean harrapatuta. Hark sufritzen duena sufritzen duzu, hark ikusten duena ikusten duzu, hark desio duena desio duzu. Txomin senarra (Sagardoi) kolpatzen duenean, badakielako askatasunaren aldeko borrokaren garretan erreko dela erremediorik gabe, guk ere kolpatzen dugu, gure ukabilak dira hor biltzen direnak, gure mina da hor mintzo dena. Min kolektibo bat, etsia, hautsia. Eta min horretan aurkitzen duzu edertasun bat, filmak daukan edertasun xamur bat, planoz plano joaten zaizuna azalera itsasten, Javi Agirreren kamera bikainaren laztanen eraginez.

Dena da hain zehatza eta egokia bere filmatzeko maneran. Urteak daramatzate Asier Altunak eta Javi Agirrek elkarrekin lan egiten. Esan dezakegu geure zinemako tandem mitikoenetakoa dela. Biak hasi ziren gazte, eta biek daukate ilea urdinduta, eta hala ere gaztetasuna dario haien zinemari, anbizio handi bat, hitzaren zentzu goraipagarrian, beti pauso bat harago joateko grina. Atzo galaz jantzita estreinatu zen filma Sail Ofizialean, Viktoria Eugenia antzokian, eta han geunden denok pentsatu genuen, filmean ageri den «baga edo ez ga» esaldiaren sintonian, kostata, baina bagarela oraindik. Joan dira 80 urte, eta bizirik gaude... batzuek kontrakoa nahi luketen arren.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.