SAIL OFIZIALA
Zuzendariak: Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga.
Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor, Kepa Errasti.
Herrialdea: Euskal Herria.
Iraupena: 115 minutu.
Zerotik hasi
Beti esaten da komedia genero zaila dela, eta komikoa izatea, are zailagoa. Joxe Ramon Soroiz, bere karrera aktorala Pinpix ezinenez hasi zuena pailazo gisa, komediantea izan da beti. Bi eta bat telesail mitikoan ikusi genuen, Ama begira zazu antzezlan telebisatuan gero... eta bere dohain komikoak ziren apreziatzen genituenak. Nork ez du oroitzen Ama begira zazu saioko harri-jasotzaile dopatuaren esketxa? «Bota [pastillak] gizona!». Barre algara ederrak egin genituen.
Maspalomas-en, ordea, beste rol bat dagokio, oso bestelakoa: pertsonaia baten angustia existentziala antzeztea. 80 urteren bueltan berriz zerotik hastera doan pertsonaia da, bizitza oker doakiola uste duena, harik eta ohartzen den arte bizitzak beti dauzkala sorpresak guretzat, eta ia beti direla oso-oso gaiztoak. Dena gal dezakezula une batetik bestera. Galerak, edo haren kontrasteak, txarra uste zenuena oso ona zela konturatzera garamatza, zorigaitza zena, zoriona, eta ez zinela apreziatzeko gai. Perplejidadea ageri da bere begietan etengabe, izan zuen bizitza zorionekoaren eta orain daukan errealitate geriatrikoaren arteko amildegi jasangaitza. Bada une bat bizitzan non ezin duzun ihes egin, ihesean hamarkadak eman dituzun arren. Patuak, edo zoriak, edo batzuek jainkoa esaten dutenak, bere esku handia jarriko dizu parean, gelditzera behartuz. Tori, hau da zure bizitza, hau zara zu, begiratu ondo, jasangarria bazaizu behintzat. Gorputza zimeldu zaizu, ez daukazu izan zenuen sasoia, baina zenituen desirak hor daude, ikusi bai baina ukitu ezin dituzun leku batean. Arraina zara arrainontzian, eta mundua beste aldean dago.
Hori dena ikusi dut filmean, edo hori iruditu zait. Gidoia sputnik ba da, eta pertsonaiaren barrunbeetan eta bere errealitate berrian sartzera gonbidatzen zaitu. Joxe Ramon Soroiz ikaragarri dago, komedia egiten dakienak drama erraz egin dezakeela erakutsiz (horretarako beharra bazegoen, diot), eta mundiala da mundu geriatrikoaren deskribapena, dena hain dekadentea eta hain graziosoa, hain humanoa eta groteskoa.
Ezin da hemen dena aipatu, baina Kepa Errasti aipatu gabe ezin dut joan, ze aktore puska den, ze bizitza darien beti bere pertsonaiei. Bi mila lagun geunden atzo Kursaalen, goian nengoen (mundu guztia bistan neukala) Soroizek Kandido Urangarekin koilaratxoa egiten duen unean. Ni negarrez nengoen, beste dozena batzuk ere bai. Ez dakit zer gehiago eska dakiokeen film bati: egia, komunioa, hunkidura, bizitza.