Donostiako 74. Zinemaldia

'Mis muertos tristes'

'Mis muertos tristes' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Mis muertos tristes' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 21a
18:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Pablo Larrain. Gidoia: Pablo Larrain, Guillermo Calderon. Argazkia: Sergio Armstrong. Antzezleak:

 Mercedes Moran, Dolores Fonzi, Carolina Alvarez. 

Iraupena: 

187 min. 

Herrialdea: Argentina, Txile.

Mamu aspergarri horiek

Esperimentu emozional eta estetikoa da Larrainek film honetan proposatzen duena, esperimentu bat non emakume bati mota guztietako desgraziak gertatzen zaizkion, harengan inolako eraginik sortu gabe. Sinesgaitza egiten da Ema (2019) errodatu zuen maisua eta zinta hau sortu duena pentsona bera izatea. Are sinesgaitzagoa bietan argazki zuzendari bera aritu zela jakinik, Sergio Armstrong. Filmaren hasieran abisua ematen du Larrainek, argazkilari batek 28 mm-ko angularra erabiliko duela iragartzean. Horixe bera erabiltzen du filmak berak ere, oso objektibo desegokia pertsonaien barruan sartzeko, inguruko zikinkeria guztia erakusten baitu, zeru eta lur, bazter eta sabai: dena. Dena hutsala eta preszindiblea.

Zaila egiten zait, bestetik, filmeko mamuak zein gisakoak diren adieraztea, ez baitute ez beldurrik eta ez atsekaberik sortzen. Hor daude, hitz egiten dute, baina ez dakigu zertarako, eta ez dakigu zergatik den memorablea, eta, beraz, kontagarria, mamu horien portaera estrabagantea. Zertarako agertzen zaizkigu, ez bada zerbait baliagarria adierazteko, demagun bizitzaz, demagun mugaz beste aldeako bizimoduaz? Kontatzen dena drama bat izan arren, filma ikuslea min horretatik aldentzen saiatzen da behin eta berriz, halako fribolitate absurdu eta temoso bat erabiliz. Ur depositoaren barruan dagoen gorpu ustela da filmean interesgarri iruditu zaidan gauza bakarra.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA