Donostiako 74. Zinemaldia

'Les Misérables'

'Les Misérables' filmeko fotograma bat. ZINEMALDIA
'Les Misérables' filmeko fotograma bat. ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 19a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Fred Cavaye. Gidoia: Fred Cavaye. Argazkia: Denis Rouden. Antzezleak: Vincent Lindon, Tahar Rahim, Camille Cottin, Benjamin Lavernhe, Noemie Merlant, Vassili Schneider, Megan Northam, Marie Colomb, Louis Peres. Iraupena: 178 minutu. Herrialdea: Frantzia.

Totalitarismoaren hazia

Zinema beti itzultzen da Victor Hugoren Les misérables obrara. Hain da liburu monumentala, pertinentea. Gizakiak aberastasuna pilatzen eta gordetzen ikasi zuenetik existitzen da txirotasuna, eta txirotasunak kriminalitatea eta zigorra dakartza beti. Gizarteen gatazka iturri handienetakoa da duela mende askotik hona. Boterea, klaseen estratifikazioa, politika, legeak, epaileak, txokotasuna, zigorra: kate beraren katebegiak. Laban beraren bi ahoak: zer egin boterearekin, zer egin kriminalitatearekin. Bi gauzak elkarren artean loturik baitatoz beti. Ideia hau, Victor Hugok esplizituki behin eta berriz aipatzen duena, klase aberatsek (eta haien eskuin politikoak) behin eta berriz ukatzen duten berbera da. Barka iezadazue hain sarrera luzea egitea film honi, baina izugarri pertinentea iruditzen zait film honen enegarren remakea egitea gizakiak gaur egun bizi duen testuinguru tranpati eta arriskutsu honetan, non eliteak behin eta berriz egiten baituen txiroa (jarri hemen etorkin, nahi baduzue) bere egoeraren erantzule, hau totalitarismorako aitzakia gisa erabiltzeko gainera, txirotasuna gaitz sozial baten ordez, gaitz indibidual bat balitz bezala. Izugarria da filmaren eszena bakoitzak, esaldi bakoitzak, nolako oihartzuna daukan gaurko gizartean, nahiz liburuak dagoeneko 165 urte dituen. 

Baina film bat ez da panfleto bat. Film batek behar du arkitektura erraldoi bat. Behar ditu, adibidez, aktore batzuk Hugoren eskuek pentsatu zuten hura hezur-haragitzeko. Bikaina da Vincent Lindon bezalako aktore karismatiko batek jokatzea Jean Valjan handiaren papera, inoiz idatzia izan zen pertsonaia zoragarrienetakoa. Eta zinez bakana da baita ere Tahar Hakimekin osatzen duen dolu interpretatiboa. Katua eta zakurra dira, edo arratoia eta katua, zuek hautatu. Duintasuna eta miseria humanoa, azken batean. Gizakiaren historia bezalakoa.  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA