HORIZONTES LATINOS
Zuzendaria. Diego Cespedes. Gidoia: Diego Cespedes. Aktoreak: Tamara Cortes, Matias Catalan, Paula Dinamarca, Claudia Cabezas, Luis Dubo. Argazkia: Angello Faccini. Herrialdea: Txile, Frantzia, Belgika, Espainia. Iraupena: 110 minutu.Â
Nire izeben etxea defendatuko dut
Leona, Boa eta Estrella Txileko meatze-herri batean bizi dira, desertuan. Hantxe daude ere Aguila eta Flamenco, eta Lidia, etxeko txikia. 1982. urtea da, eta herriko trabestiek beren aterpe bilakatu duten kantinan bizi dira emakume hauek. Bertan antolatzen dituzte beren gaueko showak, baita Miss Alaska lehiaketa ere. 11 urteko Lidia Flamencoren alaba da, hori bihurtu zen norbaitek etxeko atean abandonatu zuenean, eta, amak eta izebek bezala, herriko gizonen eta mutikoen gorrotoa jasan behar du. Izan ere, etxean hainbat gaixo daude, eta herrian kondaira bat zabaldu da: gizon horietako batek beste gizon bati begietara begiratzen badio, maitasun begirada bat zuzentzen badio, hura ere gaixotu egingo dela.
Diego Cespedes zinemagile txiletarraren lehen film luzea da La misteriosa mirada del flamenco, eta azken Cannesko jaialdian Un certain regard saileko film onenaren saria jaso zuen.
Western kutsuak dituen filma osatu du Cespedesek. Dolu eta saminez beteriko kontakizuna da, baina baita umorez kontaturiko ahizpatasun eta erresistentzia istorio eder bat ere. Emakume hauek babesleku bat sortu dute beren kantinan, elkar zaindu eta defendatzen duten lekua da, eta herriko gizonen erasoen aurka ez dute borrokatzeko beldurrik. Zaintza eta maitasun ingurune horretan hezi dute Lidia, baina gertakari batek behar baino lehenago eramango du helduarora haurra. Horrela, txiletarrak Lidiaren begiradatik kontatuko du istorioa, eta harekin hartu beharko ditugu hainbat erabaki gogor. Kontakizunak, queer esentziarekin bat, arlo, bide eta sentimendu ezberdinak arakatzen utziko dio haurrari, bere nortasuna eraiki dezan, baina, mundua beldurgarriegia bilakatzen denean, beti edukiko du izeben etxera itzultzeko aukera.