Donostiako 74. Zinemaldia

'Mugalim'

'Mugalim' filmaren fotograma bat.
'Mugalim' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 22a
15:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

ZUZENDARI BERRIAK

Ezagutza partekatzen duten horiek

Zhandos musika irakaslea da. Kazakhstango Balkhash herri txikian bizi da, eta klaseak ematen ditu bertako eskola batean. Zhandos pianista ere bada, eta, haren lagunak antolatuta, urtebetetze eta ospakizunetan jotzen du pianoa, inork kasu handirik egiten ez badio ere. Zhandosek beste bizitza bat nahi du, jaioterritik urrun, hirian, musika sortu eta jotzetik bizitzeko aukera izango duen lekuan. Eskolako zuzendariak ikasturte amaierako emanaldian pianoa jo dezan nahi du, bere ikasleak diren haurrek abesten duten bitartean. Haren lagun batek osabaren urteurrenean jotzeko eskatu dio; hirian bizi da gizona, eta kontaktu ugari ditu, Zhandosi lagungarri izango zaizkionak etorkizuna eraikitzeko. Gainera, bizilagunaren semea ez dabil oso fin azkenaldian, garrasika egoten da, eta pianoa jotzen aditzean bakarrik lasaitzen da. 

Ayana Nurdinova zinegile kazakhstandarraren lehen film luzea da Mugalim. Pianoa jotzea lanbide duen gizon baten kontakizuna da, baina baita musika munduan beste eragin bat izatea amesten duen gizonarena ere. Zhandosek uste du bere talentua alferrik galtzen ari dela; izan ere, ez dirudi eskolako ikasleek oso gustuko dituztenik ez musika, ez klaseak; eta ematen dituen kontzertuak beste ekitaldi bat dute ardatz, eta pianoa atzealdean entzuten eta aditzen ez den entretenimendua baino ez da. Hirira joatea iruditzen zaio gizonari ametsak betetzeko aukera bakarra. 

Beren ezagutza eta talentua arrakastatsu eta ospetsu bilakatzeko erabili ordez, beste batzuekin partekatzen dituztenen aldeko aldarrikapena da Mugalim filma. Irakasleei egiten zaien omenaldi txikia. Eta txikia diot filmaren zati handi bat protagonistaren zorigaitzaren ingurukoa delako; Zhandos ez da zoriontsu, eta eszena bakoitzean gogaituko duen zerbait topatuko du. Filmak dituen umore ukituek pisua kentzen diote zoritxarrari, batez ere protagonistaren adiskidearen laguntzaz; baina, estruktura klasikoa duen kontakizuna izanik, eta istorioa nora doan nahiko nabaria bada ere, kosta egiten zaio iristea.Zinegileari protagonista apur bat gehiago zaintzea falta zaiola iruditu zait, guk ere ikusle moduan goxotasun hori jaso ahal izateko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA