Donostiako 74. Zinemaldia

'Muyou no hito'

'Muyou no hito' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Muyou no hito' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2026ko irailaren 21a
18:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Maha Harada. Gidoia: Maha Harada. Argazkia: Yoshio Kitagawa. Antzezleak:

Yu Aoi, Issey Ogata, Eita Nagayama, Eri Watanabe. 

Iraupena: 

109 min. 

Herrialdea: Japonia.

Hasiera geldoa dauka Aitaren gela honek, geldoegia, hain geldoa ze zinema asiarraren klixe guztiak jan beharko dituzula pentsatzen baituzun une batez. Hor dugu, beste film bat sintesirako eta elipsirako ezgaitua, luzea eta geldoa gupidarik gabe. Lehen elkarrizketa bat, aski anodinoa, amaren eta alabaren artean, hildako aitari buruz. Ez oso sakon, ez oso brillante, ez oso ezer. Une batetik aurrera, denda bat agertzen da narrazioan, dendari bat, buztinezko katilu bat, tea egiteko erritu beti xaloa, etxekoa, primitiboa. Eta filmak hartzen du hegaldi bat sotila baino adierazgarria, testu poetikoak eta eguneroko gertakariak tartekatuz, non aitaren identitate ezezaguna aletuz joango garen gutxika-gutxika. Ez da film hunkigarria. Ez du hunkitu nahi, nahi du artea den leihoa goratu, omendu, azpimarratu.

Izaki efimeroak gara, efimeroa eta laburregia den existentzia baten gatibu, eta aldiro begien aurrean gu baino askoz ere existentzia oparoagoa izango duten objektuak azaltzen zaizkigu, akaso ikusi ere egiten ez ditugunak. Katilu zahar eta erabili bat, hor zegoena gure aurretik, eta han geratuko dena gu hauts bilakatu ondoren ere, edota testu poetiko bat, iraungo duena guk bainoago ezinbestean. Harritu nau zinema zuzendaria ere ez den hirurogei eta gehiago urte dituen Maha Haradaren lan honek. Idazle bezala jardun izan du, baina jakin du film elegante eta soil bat ehuntzen bere estreinuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA