PERLAK
Zuzendaria: Richard Linklater. Aktoreak: Holly Gent Palmo, Richard Linklater, Laetitia Masson, Vincent Palmo Jr., Michele Petin. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 106 minutu.
Omenaldiak itsututa
1950eko hamarkada da Parisen. Jean-Luc Godard zinema kritikari frantsesa petralduta dabil. Zinemagile ibilbidean atzean gelditu dela sentitzen du, eta bere lankide eta lagunen jeloskor da. Cahiers du Cinéma aldizkarian idazteagatik ezaguna da, baina ez zinema zuzendari izateagatik; izan ere, film laburrak zuzendu ditu soilik. Aldizkariko kide François Truffautek, Claude Chabrolek eta Eric Rohmerrek jada egin dituzte beren lehen filmak, eta Godard grinatsu dago.
Truffauten istorio bat oinarri hartuz, Godard bere lehen film luzea grabatzeko prest dago. Lantaldea eta aktoreak bildu ondoren, eta 20 eguneko grabaketa bat aurrean duela, zinemagile frantsesak gidoirik gabe filmatzea erabakiko du. Guztiz kaotikoa den lan egiteko erak taldea aztoratuko du, eta zaila izango da ebaztea hondamendi baten edo maisulan baten aurrean dauden. Kaos hartatik irten zen À bout de souffle filma: nouvelle vague zinema mugimendu frantseseko film aintzatetsienetako bat.
Richard Linklater zinemagile estatubatuarraren omenaldia da Nouvelle Vague. Zinemaren historiako une erabakigarri bat hartu, eta 100 minutuko film bilakatu du. Ikusteko atsegina den kontakizun bat da emaitza. Godarden aldrebeskeriek umorea ematen diote istorioari, nahiz eta behin kaosaren ezustekoa pasatuta azkar agortzen den barrearen erreminta. Pertsonaia ospetsuen agerpenek zinemaren historiarekin loturak eraikitzen laguntzen du, baina une batean gehiegizkoa egiten da, eta, istorioa kokatzen lagundu bainoago, ezer ez dioen izen zerrenda luze bilakatzen da.
Ikusten erraza den filma da Linklaterrena, baina zaila egiten zait ulertzea zer ekarpen egiten duen. Zinemaren historiaren jakitun daudenentzat ez dakar ezer berririk, eta hasieran senti daitekeen ezagutu eta errekonozitzearen gertukotasun hori azkar desagertzen da. Nouvelle vague mugimenduari buruz deus ez dakiten horientzat, berriz, film baten sortze prozesu bat erakusten da pantailan; baina kontakizunak ez du ez zinemagilearengan, ez bertan dagoen inorengan sakontzen, eta, beraz, nahiko istorio hutsala bilakatzen da. Zinemagile estatubatuarra omenaldi bat egitearekin konformatu dela dirudi, eta harago joan ez izanak azkar ahazten diren film horietako batekin utzi gaitu.