SAIL OFIZIALA
Desgaraian
Epaitegi-zinema genero bat da, eta horretan AEBetako zinema erregea dela ez dago dudarik; puzzlearen pieza guztiak ondo, doi, zehatz kolokatzeko lan-talde onenak dauzkate, eta ez dute hutsik egiten. Zinema ez da kontatzeko manera bat bakarrik, industria bat da, konplexutasunez betea, eta langile onenak badituzu, partidaren zati handi bat irabazita daukazu. Pentsa, marrazo poxin batekin 50 urtez gure begi-ninietan iraun duen film bat egiteko gaitasuna izan dute, hortik atera kontuak.
Film zehatz honi dagokionez topiko guzti-guztiak betetzen dira, aurreikuspen etsigarri batez bete ere. Filmeko militarrak milaka aldiz ikusi ditugu, eta aurrekoen inertzia guztiak dituzte: autoritarioak dira baina ez gehiegi (ez dira errusiarrak), arauak betetzen dituzte baina badakite inprobisatzen (ez dira txinatarrak), leialak dira baina ez gregarioak, seriotasunez jarduten dute baina beti daukate tarte bat kolegarekin zerbeza bat edateko, karrera militarra daukate baina gaitasun intelektualez ez dabiltza kamuts... Pertsonaia hutsak dira, partikulartasunik gabeak, elkarren artean erraz interkanbiatzeko modukoak. Baina gidoi bat daukatenez, harrapatu egiten gaituzte.
Horretarako tranpak egiten dituzte, noski. Hain onak dira pertsonaiak hizketan, ezen gaitasuna daukate (den-denek!), alegato brillanteak egin eta, hurkoa hitzik gabe utzita, agur esan gabe eszenatik irteteko, AEBetako zinemaren truko zahar eta oso erabili bat aipatzearren. Film honen bertuteetako bat da sikiera humanitate zantzu batzuk aitortzen dizkiela nazien liderrei; bada zerbait. Gainera, filmaren hondarrean, naziek egin zutena edozeinek (horretarako botererik izanez gero) egin dezakeela aldarrikatzen da, akaso gaur egungo AEBetako agintariei kuku sotil bat eginez. Hau guztia esanda, aztertu daiteken beste kontuetako bat da ea filma garai egokian datorren edo desgaraian, Palestinan ikusten ari garena ikusita, judutarren kontrako holokaustoari buruzko enegarren filma ikusteak zinez on egiten digun, edo kontrakoa. Salaren barruan judutarren betiereko martirizazioa, salaren kanpoan Palestinako banderak, eta han urrunean, Israelen armek kiskalitako haurrak, andreak, gazteak, ospitaleak, kaleak, zuhaitzak... herrialde oso bat. Zerbaitek ez du ongi enkajatzen puzzle honetan, ez duzue uste?