ZINEMIRA
Sekretu handi baten kronika
Unai Egia irakaslea da, pandemia garaian aspertu samarturik bizi dena, derrigorrezko itxialdian bere denborarekin zer egin ez dakiela. Halako batean hartu du Javier Cercasen El impostor liburua, eta irakurtzen hasi da. Beste edozein liburu har zezakeen, baina ez, justu Cercasena da hartu duena. Enric Marco iruzurgilearen benetako istorioa da han kontatzen dena, nola Alemaniako FloussenbĂ¼rgeko kontzentrazio esparru batean deportaturik izan zen beste pertsona baten identitatea lapurtu zuen, bere ospe propiorako; gerora Marco filmean jasota geratuko zen istorioa. Istorioak liluratu egin zuen Egia, baina liburuan apenas inork erreparatu zion pertsonaiari erreparatu zion hark: «benetako» deportatuari, hau da, Enric Monerri.
Hasi da peskizak egiten: noiz hil zen, zer gertatu zen bere gorpuarekin, ba ote dakiten bere sendiek zer edo zer horri buruz. Ez daki nola egin behar den ikerketa historiko bat, eta laguntza eskatzen dio ezagun bati, eta pauso txikiak emanez hasten da, txikiak baina determinazio askokoak: helmugaraino ailegatu nahi du. Hortik aurrera, dokumentalak kontatzen duena, harrigarria da, ez sinestekoa. Ez nuke hemen zehatzegia izan nahi, espoilerra egiteko arrisku handia dudalako. Dokumentala thriller moduan eraikia dago, elegante, ongi filmaturik eta ongi jantzita; ederrak dira grafismoak, eta are ederragoak Kote Camachoren ilustrazioak. Ikerketa amaieraraino eramaten duenez, asko, gauza asko deskubritzen dira bidean, eta denak gertatzen dira harrigarri bezain durduzagarri. Zein zen nazien modus operandia errefuxiatuen gune horietan, eta zer nolako azpiegitura handia behar zen hango krimen guztiak alfronbrapean gordetzeko.
Azpiegitura handi batek, noski, jende asko eskatzen du, horietako asko zibil sinpleak, eta hortik datoz gero egiarantzako bideak: zibil horiek ikusi zutenari esker. Ikusi, eta akaso, batek daki, ezkutatu ere bai, gorde eta zaindu. Egia beti baita altxor ederregia. Oso ona da Oier Plazaren dokumental hau, bai filmikoki, bai aportatzen duen informazio baliotsu guztiagatik. Jakin egin behar da, batik bat dokumentalgintzan, ate egokiak jotzen, leku eta une aproposean egoten, eta bete-betean asmatzen du dokumental honek zentzu horretan. Bere momentuan Lucio-k sortu zuen lilura sortuko du honek ere, eta denon buruan, beharbada, galdera hau egongo da: 2025ean gaude, eta hau ez genekien? Non zeuden gure erakundeak? Galdera inportanteak, dudarik gabe. Askotan errepikatu behar izan ditugunak, zoritxarrez.