sAIL OFIZIALA
Paseo bat goroldioari so eginez
Asiako zinemarekin txantxak egiten ditugu mendebaldean. Dena da ona, motela, ulergaitza eta... argazki ederra dauka. Arrakala kultural izugarria dago gure eta haien kulturen artean, eta hark eraginik ez daukala uste dugun arren, hau da, artea zinez unibertsala dela uste dugun arren, bada zerbait guk harrapatzen ez duguna, eta aldrebes, bada zerbait haiek gugan ulertzen ez dutena. Beno, hau hipotesi bat baino ez da, edo akaso nire ezintasunaren aitorpen lotsagabe bat. Edozein kasutan, zaila egiten zait Sai: disaster honen existitzeko arrazoia zein den ebaztea. Zer dela eta pentsatu duten filmaren arduradunek honek kontatua izatea, eta ondorioz, oroitua izatea merezi duela.
Filmaren engranajea oso ahula iruditu zait, eta haren gurpil motorraren hortzak kamustuta daudela, indarra makinariari transmititzeko kamustuegi. Motorra martxan dago, baina ezer ez da abian jartzen, ez dagoelako transmisiorik. Istorioak inkonexoak dira, eta haien artean konexio signifikatiboren bat sortuko dela uste dugun arren, ez da gertatzen. Sinpleki, ez dago loturarik, dena zen ilusio bat edo, okerrago pentsatuta, fraude bat.
Zortzi hildako daude filmean, eta haietako batzuren bizitzak aurkezten zaizkigu prologoan. Prologoa oso-oso luzea da, ez dauka mami handirik, salbu eta zertzeladaren bat han-hemenka. Bi pertsonaien arteko maitasun hasi-berri batean, adibidez, klixe asiar guztiak bilduz, haietako batek besteari plan bat proposatzen dio biharamunerako: paseo bat ematea goroldioari begira. Hona arrakalaren adibide bat. Gu joan gaitezke paseo bat ematera, baina goroldioa, besterik gabe, zapaldu egingo dugu, arretarik jarri gabe. Ez gara berdinak, azken batean, eta hobe horrela.
Hasierako istorio guztiak, berdin amaitzen dira: denak hilik. Eta ondoren, berandu, oso berandu, hasten da ikerketa. Besaulkietatik esnatu da zinema osoa. Sentitu egiten zen. Marmarren bat ere entzun da: «beno, 'hasi' da filma». Hasi orduko amaitu da, ordea, ikerketaren emaitza aski arbitrarioarekin. Filmaren pentsaurrekoan nago hau idazten, azken lerroan. Apenas dagoen dozena erdi kazetari. Ez da atsegina horrelako desplante desastrosoa ikustea, baina zer nahi duzue: arrakala, arrakala da.