hORIZONTES LATINOS
Bakoitzak bere erara oroitzen ditu gertatutakoak
Filmatzen hastear daude. Kamera atzean dagoenak dekoratua erakusten dio amari, eta irudikatzen duen gelaren antza duen galdetzen dio. Markoetan jarrita dauden argazkiak begiratzen dituzte ondoren: garai hartako argazkiak dira, baina aita eta amaren aurpegietan aktoreen argazkiak itsatsi dituzte. Kamera aurrean jarriko da ama orduan, ohean eserita, eta kamera atzean dagoen semeak elkarrizketa hasiko du. Benetan gertatu zen istorio baten aurrean gaude, beraz; kamera atzean dagoen Bruno Santamaria Razo zinegilearen haurtzaroan hain zuzen ere.Â
Berehala egingo dugu salto aktoreek antzeztutako filmera. 90eko hamarkadan gaude, Mexikon, eta izenburuko eraikin urdin eta arrosan bizi da 11 urte bete berri dituen Bruno. Aitari hiesa duela esan diote medikuek, eta sendabiderik ez duenez, gehienez hiru urteko bizi itxaropena duela. Une oro jendez beteta dagoen etxea da Brunorena, eta mutikoa entzuten dituen elkarrizketen bidez joango da jarraitzen aitari gertatzen zaiona. Gauzak erdizka, ezkutuan, beldurrez, esango dira, ordea, eta Brunorengan nahasmena ekarriko dute. Une berean, mutikoa bere lagun Vladimirrekin maiteminduta dagoela ohartzen ari da, eta nahasmena oraindik ere handiagoa izango da.
Haurtzaroko kontakizuna dakar Bruno Santamaria Razo zinegile mexikarrak. Errealitatearekin eta fikzioarekin jolastuz, familiaren oroitzapenak dira abiapuntua, baina amak argi uzten duenez, bakoitzak bere erara oroitzen ditu gertatutakoak. Filmak 90eko hamarkadako hiesaren inguruko estigma eta ezjakintasuna ditu abiapuntu, baina Brunoren ikuspuntua hartzean bere desira eta autoezagutzarekin gurutzatuko dira. Dantza, eztabaidak, beldurrak eta umorea dauden etxe batean, mutikoaren begiradak gidatuko gaitu. Santamaria Razok samurtasunez begiratzen dio 11 urteko bere buruari, gauzak ulertu eta deskubritzen ari zen mutikoari, baina baita bere ama eta aitari ere; gauzak ulertu eta deskubritzen ari baitziren haiek ere. Horrela, iluna behar lukeen bizitzako pasarte bati kolorea gehitu dio mexikarrak, eta, alde gogorrak ezkutatu gabe, oroitzeak ere sendatzen lagundu dezakeela erakutsi digu.Â