ZUZENDARI BERRIAK
Zuzendaria: Rodrigo Garcia Saiz. Gidoia:Â Rodrigo Garcia Saiz, Carlos Armella. Argazkia: Alfonso Herrera Salcedo. Iraupena: 95 minutu. Herrialdea: Mexiko.
Sendatu beharrean dauden horiek
Narkotrafikoaren biolentziak zeharkatzen du Morro, Rodrigo Garcia Saizen bigarren film luzea. Bortizkeria eszena bakoitzean nabaritu daiteke; arnasten den zerbait da; pertsonaietan dago; naturan ikus daiteke, baita argian eta filmaren testuran ere. Plano bakoitza zikintzen du, eta, hala ere, ez dago filmaren erdigunean. Izan ere, filmaren protagonistak bi dira: Mateo albaitaria eta Morro txakurra.
Mateo bakarrik bizi da landa eremu batean, eta animaliak zaintzen igarotzen du eguna; inguruko bizilagunen behiak eta zaldiak, eta baita bere untxi eta oiloak ere. Bizitza lasaia dirudi, baina Mateok badu goibeltasun bat, bizitza astunegia zaion pertsonaren goibeltasuna, samina. Mateok seme bat baitzuen, eta bada denbora erail egin zutela, Poliziak beste aldera begiratzen zuen bitartean. Ez dakigu zenbat denbora igaro den Mateok familia galdu zuenetik, baina ikus dezakegu gizonak duen zama errutina bilakatu dela. Morro azalduko da orduan, narkotrafiko talde baten buruaren txakurra, eta hankaz gora jarriko du Mateoren egunerokoa. Zaurituta dago Morro, tiroz zauritu dute, eta gizon armadun batzuek Mateori eramango diote, hark sendatu dezan.
Gizonaren eta txakurraren arteko harremana da kontakizunaren haria. Mexikoko landa eremuko herri txiki hartan nagusi den biolentzia bazterrera eraman, eta nork nor zaintzen duen argi gelditzen ez den Mateo eta Morroren konplizitateari emango dio indarra istorioak. Filma narkotrafikoaren inguruan etengabe ikusi ditugun irudiz beteta dago, baina bortizkeriaren zirrikituetatik samurtasun uneak sartzen ditu Garcia Saizek, eta, iluntasuna alde batera utzi gabe, argiari ematen dio lekua mexikarrak. Sorpresarik gabeko istorio klasiko bat da Morro, maiz ikusi dugun istorio bat, baina narkotrafikoaren auziari ematen dion lekua ez da betikoa, eta, topikoz jositako kontakizuna bada ere, nolabait sendagarri bilakatzen da. Horrela, sendatzeko beharra duen txakur batek sendatzeko beharra duen gizon bat ezagutuko du sendatzeko beharra duen gizarte batean, eta bidea luzea bada ere, haientzat hasiera pauso bat da.