NEW DIRECTORS
DOLU GUZTIETARAKO TARTERIK EZ
Marina Stuttgarten bizi da Dasha ahizpa txikiarekin, aitonarekin eta Arkadij aitarekin. Hamasei urte ditu, baina erantzukizunek dakarten zama nabari zaio: janariaz arduratzen da, ahizpaz arduratzen da, eta gogor ikasten du, klaseak galdu beharrak haserretzeraino. Ama aspaldi joan zen, eta hil berri den amonarik gabe, zaintza guztiak nerabearen eskuetan daudela dirudi. Amonaren elizkizunetarako etorri da Igor, Marinaren osaba eta Arkadijen anaia, bere seme Kolyarekin. Ukrainatik etorri dira, haien jaioterritik, eta bi anaien artean elkarri leporatzen dizkioten aspaldiko kontuak daudela dirudi: zein gelditu zen aberrian, zeinek egin zuen alde, zeinek zaintzen dituen gurasoak. Nortasunaren auzia ere agerikoa egingo da; izan ere, Kolyak ukraineraz hitz egiten du, Marinak errusieraz eta alemanez bakarrik hitz egiten daki, eta aitonak uko egiten dio bere aberriarekin zerikusia duen edozeri. 2022ko otsaila da, eta Alemanian amona agurtzen ari diren bitartean Errusia Ukraina inbaditzen ari da.
Doluaz mintzo da Tatjana Moutchnik zinegile ukrainarraren lehen film luzea. Amonaren heriotzaren doluarekin hasiko du kontakizuna, eta Ukrainako berriak iristen direnean, aberriaren eta nortasunaren doluak hartuko du erdigunea. Erabaki azkarra da beste herrialde batek ematen duen distantziatik eraikitzea kontakizuna. Distantzia fisikoa da batzuentzat, une baterakoa; besteentzat, ordea, urteek ematen duten distantzia emozionala eskaintzen du Alemaniak. Inor epaitu gabe, Moutchnikek bi anaiek irudikatzen dituzten ikuspuntu anitzak erretratatzen ditu, batzuetan ikuslearen hausnarketarako tarte handiegirik utzi gabe. Niretzat interesgarriena, ordea, Marinaren ikuspuntua da. Harekin guztiz bat ez datorren gatazka baten erdian dago, ulertzera iristen ez dena, baina helduen eztabaida eta desadostasunen erdian Marinak praktikoa izan behar du, familia atera behar baitu aurrera. Eta, beraz, bazkaria prestatzen du, Dasha entrenatzera eramaten du, eta aitona zaintzen du. Dolu berri bat azaltzen da orduan, haurtzaroa goizegi atzean utzi behar izan duen neskatilarena.