perlak
Zuzendaria: Jafar Panahi. Aktoreak: Vahid Mobasseri, Maryam Afshari, Ebrahim Azizi, Hadis Pakbaten, Majid Panahi, Mohamad Ali Elyasmehr, Georges Hashemzadeh, Afssaneh Najmabadiahid. Herrialdeak: Iran - Frantzia - Luxenburgo. Iraupena: 102 minutu.
Istriputik gutxi duenean
Gizon bat kotxea gidatzen ari da. Gaua da. Kotxean doaz harekin bere emaztea, haurdun dagoena, eta bere alaba, musika altu jarri eta dantzatu nahi duena. Musikaren inguruan eztabaidan ari direla, zerbait harrapatzen dute. Gizona, begiratzera joan, eta txakur bat dela ohartzen da. Istripu txiki bat izan da.
Vahid telefonoz ari da amarekin. Furgoneta behar duela gogorarazten dio. Bere tailerrera laguntza behar duen gizon bat sartzen da. Gaua da eta istripu txiki bat izan du. Vahidek gizonaren hanka protesikoak egiten duen zarata ezagutu du. Preso zegoela torturatu zuen inspektorea da. Hurrengo egunean, gizona jarraitu eta bahitu egingo du, bizirik lurperatzeko asmoarekin. Gainean lurra botatzen ari zaiola, ordea, zalantza sortuko zaio: hura al da torturatu zuen gizona, edo nahastu egin al da? Gizona identifikatu dezakeen lekukoren baten bila joango da Vahid, istripu txiki bat eragin baino lehen.
Jafar Panahi zinemagile irandarraren azken lana da Un simple accident, eta Cannesko jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu zuen. Thrillerretik dramara eta dramatik komediara igarotzen den kontakizuna da Panahirena, road trip bitxi baten eran eraikia, eta, noski, hausnarketa politikoa alde batera utzi gabe. Vahiden furgoneta beteta doa: ezkontza argazkiak ateratzear ziren senar-emazteak, haien argazkilaria den emakumea bere tresna guztiekin, haserrealdi biziak dituen Hamid, Vahid gidari, eta egurrezko kutxa batean doan bahitutako gizona. Panahik bikain nabigatzen du gertatzen ari den zentzugabekeriaren umoretik egitear daudenak daukan seriotasunera, thriller baten tentsioa galdu gabe. Umore, drama eta thriller horien artean, ordea, Panahik kontatu nahi digun hori azaleratzen du: biolentzia zirkulua, biktima zirenak zigortzaile bilakatzearen arriskuak, eta erregimenaren arauak exekutatzen dituztenen erruduntasuna. Irandarrak inongo diskrezio edo leuntasunik gabe jartzen ditu gaiok mahai gainean, barre eta harridura guztiaren artean belarritik heldu eta begirada garrantzitsua den horretara zuzenduko baligu bezala: «Hau guztia oso entretenigarria da, baina ez ahaztu atzean dagoenaz». Gertatu den oro, azken batean, ez baita istripu txiki bat.