zabaltegi tabakalera
Zuzendaria: Jane Schoenbrun. Gidoia: Jane Schoenbrun. Antzezleak: Hannah Einbinder, Gillian Anderson. Iraupena:Â 112 min. Herrialdea: AEB-Kanada.
Odol asko, desira eta begiradak
Jane Schoenbrunen filmak bizi ez dudan haurtzaro batekiko nostalgia eragin dit. Ez da lehenengo aldia, I saw the TV glow filmarekin gauza bera gertatu zitzaidan. Bizi ez dudan haurtzaroa diot, benetan, bizitza errealean, bizi ez dudalako; bai, ordea, telebistaren bidez. 1980 eta 1990. hamarkadetako AEBetako telesail eta filmek erakusten zidaten errealitateaz ari naiz. Horren ezagunak egiten zitzaizkidan gauzak, estatubatuarrentzat ohikoak zirenak, fikziozko mundu batekin erlazionatzen nituen nik, telebistan bizi zen mundu batekin. Schoenbrunek errealitatea eta pantailan bizi den horrekin jolasten du, 1980 eta 1990. hamarkadako filmen erreferentziak erabiliz, eta entretenimendu hutsa dirudien horri hausnarketarako geruzak gehitzen dizkio.Â
Camp Miasma 80. hamarkadan izugarrizko arrakasta izan zuen slasher frankizia bat izan zen. Bertan udako kanpamentu bateko lakuan bizi zen munstro baten istorioa kontatzen zen, Little Death izenekoa; noizean behin lurrera irten eta kanpamentuko gazteak hiltzen zituena bere lantza zorrotzarekin. Filmak lortu zuen ospea zela eta, urteetan zehar remake asko egin zituzten, geroz eta txarragoak, eta Kris 29 urteko zuzendari indie-ari 2026. urtean bertsio berri bat egin dezan eskatu diote. Kris obsesionatuta dago filmarekin, zehazki protagonistak eszena zehatz batean duen begiradarekin, eta bere filmerako pertsonaia hura antzeztu zuen aktorearekin hitz egin nahi du. Aktorea Billy Presley da, Gillian Andersonek antzeztua, eta lehen film hori bere azken lana izan zen. Ordutik slasherra grabatu zen kanpamentuan bizi da bakarrik.Â
Schoenbrunek askotan zentzugabea dirudien genero baten irakurketa berri bat proposatzen digu bere azken filmean. Nortasuna, gorputza, desira eta queer identitatea dira hausnarketarako irekitzen dituen gaietako batzuk, eta odol eta gehiegikeria guztien artean begiradaz mintzo da: nork begiratzen du nor, nor da ikusle, nork sortzen ditu kontakizunak, pantailaren zein aldetan bizi garen. Parodia eta omenaldiaren artean dagoen lana, entretenimendu hutsa izan daitekeen geruzatik hasi, eta hausnarketarako proposamenekin jarraituz, disfrutatu egiten den filma da.Â