Donostiako 74. Zinemaldia

'The Ballet Lesson'

'The Ballet Lesson' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'The Ballet Lesson' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 19a
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Kazuya Murayama. Gidoia: Kazuya Murayama. Antzezleak: Vadim Bushmakin, Nikita Kondo, Niina Kondo, Yukina Shimizu. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Japonia.

Dantzan ikasten ari direnak 

Nikita eta Nina aitona-amonekin bizi dira Japoniako herri batean. Haiekin errusiarrez hitz egiten dute, baina eskolan japonieraz egiten dute. Izan ere, Nikitak eta Ninak ezagutzen ez badituzte ere, aita errusiarra dute, eta ama japoniarra. Azken hau ballet dantzaria zen, eta haren alabak behin eta berriro ikusten du dantzan, anaiaren ordenagailuan duen bideo batean. Ezustean, aita azalduko da haien etxean, eta autoz bidaia batean eramango ditu, amaren bila. Bidean pertsonaia anitzekin egingo dute topo: baserri batean bizi diren aita-semeak, esne jetzi berriaren zaporeaz mintzatuko zaizkienak; balleta ikasten duen neskatila, Nikita apur bat maiteminduko duena; eta bidaiatzen dabilen neska gaztea, diru zorroa lapurtzean aita errusiarraren amorrua ezagutuko duena.  

Dena da apur bat traketsa. Dantzan ikasten ari den haurraren pausoek ingurua kutsatuko balute bezala. Ariketa bezala interesgarria izan liteke, baina ez dut uste The Ballet Lesson-en kasuan hori bilatu denik. Aktoreen antzezpenekin hasten da arazoa: aitona-amonen erreakzio behartuak eta aita errusiarraren gehiegizko estereotipatzea; hasieran komikoak dirudite, baina berehala bilakatzen dira deseroso. Aldiz, bi haurren antzezpenak dira filmaren alde indartsuena. Haien konplizitateak eta inozentziaz beteriko uneek lotzen gaituzte pantailara, eta haiek egiten dute filmaren erdigunean dagoen bilaketa interesgarri.

Gidoian ere badaude erabaki kaxkarrak. Road trip erako istorioek dituzten aldi baterako pertsonaiek osatzen dute Kazuya Murayamaren kontakizuna, baina, batzuek une samurrak sortzen badituzte ere, badago lekuz kanpo egotearen sentipen bat, filma noraezean dabilenaren susmoa. Horrela, azken sekuentzietan gertatzen den ikuspuntu aldaketak susmoa baieztatzen du, eta haurrek eskaintzen ziguten lotura hautsita, galduta gaude. Erabaki traketsek bilaketa bati buruzko istorio hunkigarria beste zerbait bilakatzen dute, eta, protagonista diren haurrek indar handia izan badezakete ere, filmak ez du guztiz funtzionatzen. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA