Donostiako 73. Zinemaldia

'Los tigres'

Antonio de la Torre eta Barbara Lennie, 'Los tigres' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Antonio de la Torre eta Barbara Lennie, 'Los tigres' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
lander garro
2025eko irailaren 20a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

SAIL OFIZIALA

Zuzendaria: Alberto Rodriguez. Aktoreak: Antonio de la Torre, Barbara Lennie. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 109 minutu.

Itsasoan ez daude arrainak bakarrik

Itsasoa paisaia perfektua da zinema egiteko, eta eman ditu pieza gogoangarri batzuk, The Big Blue (Luc Besson), De rouille et d´os (Jaques Audiard) eta beste hamaika. Oso ondo asmatu du Alberto Rodriguezek, beraz, bere thrillerraren paisaia sortzean. Trama nagusia bi protagonistek lan egiten duten barkuan gertatzen da, lanean diharduten bitartean, batzuetan kubiertan, besteetan itsaspean.

Izugarrizko filmaketa konplexua izan dela dirudi, hainbeste irudi urpean, hainbeste akzio zehatz eta erabakigarri; teknika filmiko ikaragarria behar da horretarako. Thrillerra, gainera, apustu handia da beti, ikuslea segundoz segundo izu batean eramatean datzalako. Ez baduzu eramaten, akabo artefaktua. Lehenagotik ere erakutsia zeukan ordea genero honetan ondo murgiltzen badakiela Rodriguezek, La isla mínima hiper-sarituarekin bereziki.

Elementu guztiak kudeatzen ditu ondo, baina esango nuke erritmoa dela bere arrakastaren gakoa: lepotik heldu eta ikuslea eramateko abilidadea, bihotza estuturik, tentsio krudel batez. Itsaspeko itotasuna tramaren alde erabiltzeko erakusten duen abilidadea, niretzat, sinpleki gogoangarria da. Lan aktorala ere ikaragarria da, bai Antonio de la Torre eta bai Barbara Lennie oso-oso sinesgarri daude, ikusleari bizitza errealean zinez itsasoaren ingurumarian bizi direla sentiarazteraino. Filmean ez dira bikotekide, anai-arrebak baizik (badago Dexter telesailarekin antzekotasunik) eta, ondorioz, ez dago jolas sexualik, sedukziorik, desira tramarik: anai-arreben arteko maitasun leiala dago, konplizea eta baldintzarik gabea. Oso originala da.

Ez nuke filmaren ardatza, protagonistaren prekaritatea, aipatu gabe utzi nahi. Abiapuntu unibertsala da: zer egingo zenuke zauden zulotik ateratzeko? Zein da zure limitea? Biziraupen mekanismoak martxan jartzen direnean, zer ez ote gara egiteko gai? Drogaren mundua sartzen da hor ekuazioan, mundu iluna eta ezezaguna guretzat, hain zuzen ere itsaspea bezainbeste. Eta badakigu han sartzen denak onik ez ateratzeko arriskua hartzen duela. Film bikaina lortu du Rodriguezek. Seguruenik ez du Zinemaldi honetan sari askorik lortuko, lehiaketaren arau ez idatziak (esperimentazioa, drama...) ez baititu betetzen, baina Zinemalditik kanpo arrakasta leku guztietatik etorriko zaio. Merezita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!