Donostiako 74. Zinemaldia

'El tren fluvial'

'El tren fluvial' flimaren fotograma bat.
'El tren fluvial' flimaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2026ko irailaren 22a
09:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

HORIZONTES LATINOS

Xelebrekeria guztiei irekita

9 urteko Milo bere familiarekin bizi da Argentinako herritxo batean. Malambo dantza tradizionala ikasten du, bere entrenatzailea ere baden aitak bultzatuta. Mutikoaren ametsa, ordea, familiaren presioak atzean utzi eta Buenos Airesera joatea da. Eta hala egingo du: gurasoei eta arrebari janarian somniferoak jarri ondoren, herriko tren geltokira joango da kapitalera doan trena hartzeko asmoz. Geltoki hartan bertan hasiko da Miloren bidaia. Pertsonaia ugari ezagutuko ditu mutikoak bidean, eta pertsonaia hauek izango dira ezezaguna zaion hiri baten erretratua eraikiko diotenak. Horrela, Buenos Airesera iristean, geltokian bertan, entzuten ari den irratiaren bidez aholkuak emango dizkion gizonarekin egingo du topo, eta honek geltoki aldameneko hotelera gidatuko du haurra. Hotela baino gehiago pentsioa den horretan gela partekatu beharko du karate uniformea daraman gizon batekin eta bere bikotekidea den Cristal izeneko gizonarekin, eta haiek hitz egingo diote antzerki obra baterako egiten ari diren casting-ari buruz. Bidean topatuko dituen buenosairestarrek lagunduko diote Milori hurrengo pausoa ematen, hurrengo lekua topatzen, hurrengo geltokira hurbiltzen. 

Lorenzo Ferro eta Lucas A. Vignale argentinarrek zuzendutako lehen film luzea bitxikeriaz eta harriduraz betetako erretratu bat da. Dena da berria Milorentzat, denak harrituko du, eta apur bat surrealistak diren eszenak direla eta, ikusleak mutikoarekin partekatuko du harridura, hiria eta hiritarrak deskubritzen doan heinean. Milo lotsagabe samarra da, eta berehala topatuko du hiritik ibiltzeko era; galduta amaituko dugunak ikusleak izango gara. Xelebrekeriak diruditen eszena eta pertsonaiek hasierako berritasun sentipen horrekin laguntzen dute, eta niri pertsonalki asko gustatzen zaidan zentzugabe puntu bat ematen diote kontakizunari. Filmak aurrera egin ahala, ordea, lekuz kanpo sentitzen hasi naiz, ulertzen ez dudan broma baten parte izango banintz bezala, eta egoera absurdoak mamirik ez duen zerbait ezkutatzen ari zirela iruditu zait. Hainbat eszenatan irudiaren estetikak edukiak baino pisu handiagoa du, eta hasierako harridura interes falta bilakatu da. Lastima da, bidaia mutikoarekin egiteko prest bainengoen, xelebrekeria guztiei irekita, hiriko zentzugabekeriekin harritzeko gogoz. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA