Donostiako 73. Zinemaldia

'Vaegtloes'

'Vaegtloes' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
'Vaegtloes' filmaren fotograma bat. ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 23a
11:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Emilie Thalund. Aktoreak: Marie Helweg Augustsen, Ella Paaske, Joachim Fjelstrup. Herrialdea: Danimarka. Iraupena: 97 minutu.

Lea nerabeak udako hilabeteak igaroko ditu udaleku batean. Bertara iristean mediku batek pisatu eta neurtu egingo du, kanpoan beste gazte batzuk saltoka dabiltzan bitartean. Laguntza behar duten gazteei zuzendutako kanpamentu bat da: Leari pisua galdu behar duela esan diote; bere gelakideak arazoak izan zituen institutuan eta kanporatu egin zuten, eta beste mutiko batek antsietatearekin behar du laguntza. Medikuaz gain beste bi heldu dira udalekuen arduradun: emakume bat eta Rune, gazteekin primeran moldatzen den begiralea.

Egunak spinning klaseetan, errazago asetzeko ura edanez, eta autoezagutza merkea diruditen ariketetan igarotzen dituzte gazteek. Leak Runerengan konfiantzazko pertsona bat aurkituko du, eta geroz eta denbora gehiago igarotzen hasiko da harekin. Gizonak entzun egiten dio, eta ez du bere fisikoarengatik epaitzen, eta Lea maitemintzen hasiko da.

Laguntza behar duten nerabez beteriko udaleku batzuk, uda guztia irauten dutenak. Ideia bikaina edo amesgaiztoa izan liteke. Emilie Thalund zinemagilearen lehen film luzearen kasuan bigarrena litzateke. Bere burua ezagutzen ari den protagonistaren istorioa dakarkigu Vaegtloes / Weightless-ek. Adin zaila da denontzat, baina gazte hauek zama bat gehiago daramate soinean: zerbait gaizki dutela esan diete, eta hori konpontzera joan dira udalekuetara. Thalundek kanpamentuko errutinak erakusten dizkigu, eta horietako bakar batek ere ez dirudi gazteak lagunduko dituenik, are gehiago, errutina horiek funtzionatzen ez dutela ohartzean errua haiena dela pentsatuko dute.

Bada zerbait Thalunden filmean deseroso sentiarazi nauena. Kosta egin zait ohartzea zer zen; izan ere, kontakizuna ondo eraikia dago, eta Learen pertsonaiarekin enpatizatzea ez da zaila. Laguntasunak istorioan hartzen duen garrantziak ere badu nostalgia puntu bat. Baina filmak ez ditu ikusten ari garen zentzugabekeriak epaitzen, ez behintzat era irmo batean. Distantzia handiegia hartzen du udalekuetako dinamika guztiz kaltegarrietatik, eta Leak eraso bat jasatean erruaren pisu guztia jartzen du harengan, irtenbiderik gabe utziz. Mimoz landutako pertsonaia dela nabari da, baina filmak eskua goizegi askatu diola iruditzen zait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!