urtzi urkizu
Sail Ofiziala

Zaintza su motelean

2024ko irailaren 23a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'LOS DESTELLOS'

Zuzendaria: Pilar Palomero.

Aktoreak: Patricia Lopez Arnaiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola, Julian Lopez.

Herrialdea: Espainia.

Iraupena: 101 minutu.


 

Patricia Lopez Arnaiz, 'Los destellos' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Patricia Lopez Arnaiz, 'Los destellos' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Eider Rodriguez idazlearen Bihotz handiegia liburuko izen bereko ipuina irakurria duenak modu saihetsezinean hasiko du Los destellos filmaren ikustaldia irakurri zuen testua gogoratzen. Baditu horrek ohiko arriskuak, alderatzen ariko delako baten bat, baina kasu honetan (ere) oso agerian gelditzen da gauza bat dela hizkuntza zinematografikoa eta beste bat literaturaren idazketa. Ipuin ederra aukeratu du Pilar Palomero zinemagileak, Las niñas eta La maternal film interesgarriak zuzendu ostean, eta sentimenduz betetako drama ondu du. Su motelean doa filma, geldo, baina sendo, eta filma txukuna denik ezin da ukatu.

Istorioa zein den gogoratze aldera, Ramon izeneko gizon bat gaixo dago, larri, bere azkenekotan. Etxean bakarrik bizi da, eta Madalen alabak bakarrik ezin du zaindu. Madalenen ama Isabel eta Ramon aspaldi banandu ziren, eta Isabelek beste gizon batekin hasi zuen bizitza berri bat, baina, egoerak hala bultzatuta, Madalenek amari eskatuko dio bikotekide ohia zaindu dezala. Hasieran ez zaio batere erraza egingo Isabeli betebehar horretan aritzea. Baina egoera aldatuz joango da, egunek aurrera egin ahala.

Baldin eta ikuslea filmaren erritmoan eta pertsonaien begiradan barneratzen bada, bihotzera iristen den lan horietakoa da Los destellos. Horretan biziki laguntzen du Patricia Lopez Arnaiz Gasteizko aktoreak amaren pertsonaian egiten duen interpretazio paregabeak.

Hala eta guztiz ere, falta zaio filmari zerbait. Ez da erraza antzematen zer den, baina Bihotz handiegia ipuinak planteatzen zuen egoeraz harago, espero zitekeen pelikulak osagai gehiago jartzea pantailako zurian. Bada, gainera, istorioan une garrantzitsu bat, zeinetan Madalen alabaren erreakzioa ez den batere sinesgarria. Ez da ulertzen haren zergatia.

Sentimenduz betetako lan horretan, ordea, badira momentu politak eta, aldi berean, interesgarriak; esate baterako, mediku batek Isabeli galdetzen dionean: «Eta zuk, ba al duzu zainduko zaituen norbait? Zeure burua zainduko al duzu?». Zaintzaren gaineko ikuspegi feminista baliotsua bada hor, baita pelikulako beste une askotan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA