FATBOI SHARIF & child actor
'Crayola Circles'
Diskoetxea: Backwoodz Studioz.
New York hiriko Billy Woods musikariak 2002an hip-hop estiloko Backwoodz Studioz diskoetxe prestigiotsua eratu zuenetik, erreferentziazkoa bilakatu da raparen alderik esperimentalena eta abstraktuena jorratzeagatik. Woodsen disko bikainak argitaratu ez ezik, artista talde txiki baina arriskuzale eta inkonformista baten grabazioak ere plazaratzen ditu. Bat aipatzearren, DJ Preservation ekoizleak eta Gabe 'Nandez rap abeslariak iaz kaleratu zuten Sortilège, zeina espezialistek osatutako disko onenen artean kokatu zen. Backwoodz Studiozen webgunean jasotzen denez, «esoterikoa baina, aldi berean, zuzena eta erraza da; ukabilkadaka borrokatzea nola, Sortilège-k sofistikatuaren eta urbanoaren arteko marra ezabatzen du. Amets argi batean egindako filma da, eraikitzen ari den obra baten horman proiektatutako Belztasun Mekaniko bat».
Fatboi Sharif eta Child Actor bikotearen proposamenak antzeko ezaugarriak erakusten ditu: lehenengoa abesteaz edo, hobe esanda, errezitatzeaz arduratzen da; bigarrenak, berriz, soinu-segadak gobernatzen eta tirokatzen ditu. Biek ala biek Backwoodz Studiozen ibilbide luzea egin izanagatik ere, hau da bien arteko estreinako elkarlana. Sharifek, esaterako, Decay lana kaleratu zuen 2023an, zeinetan psikiatriko batean barrena egindako bidaia psikodelolikoa aurkeztu zuen, rap esperimentaleko lan ikaragarria gauzatzeko.
Disko honetan, baina, Sharif bare-bare ari da. Ahots baritonoa xuxurlaka ateratzen zaio, espresionismo itzaltsu bat marrazteko, beltzez, amaierarik gabeko bertsoak diruditen brotxakaden bidez. Zehaztu gabeko zertzeladak balira bezala. Bitartean, Child Actor parametro bertsuetan dabil, jazzetik eta folketik edaten duten erritmo dentsoak eta konplexuak sortzeko, betiere minimalismotik gertu. Hala, Sharifek loturarik gabeko esaldiak askatzen dituenean, Child Actorrek soinu-espeziaz ontzen du abeslariaren etorria. Musika sample-etan oinarritzen da, eta interferentziak dituen irrati zahar baten antzeko soinua haizatzen du. Irrati desafinatu bat entzuten ariko bazina bezala, doinu zatiak estatikarekin kutsatuta. Horiek horrela, musika joan eta etorri dabil: azaleratu baino, muturra agertzen du supituan desagertzeko, jaki apurrak bilatzen dabilen sagu gosetu eta kuxkuxeroaren manerak erakutsiz.
Ore surrealista horretan, Sharif oso tarteka ausartzen da lelo melodikoen itxura duten pasarteak kantatzera: bakarra antzeman dut, Chemo Crystal Ball kantuan: «Amak esan zidan erotuta nengoela. Sistemak erotuta nengoela esan zidan. Erlijioak erotuta nengoela esan zidan. Baina ez zu baino eroago». Familiari egindako aipuak etengabeak dira: «Nire gurasoek galdetu zuten ea suizidioa den irtenbidea», How to Disinfect a Live Granade kantuan, edo «Zuhaitz genealogikoaren adarrak nola hausten diren ikustea, errusiar mendi emozionala, norbaitek kasketaldia izan du», The Destitute Stashspot doinuan.
Kriptikoa, misteriotsua, lausoa.. ausardia behar da 27 minutu hauetan murgiltzeko, baina atrebentzia horren truk entzuleak sorpresaz beteriko ametsezko labirintoa jasoko du. Irtenbiderik gabeko soinudun ametsa.
Backwoods Studiozen hitzek amaiera borobila luzatzen dute: «Ez dago gonbidaturik, ez esketxik, ez interludiorik. Agian, kanturik ere ez dago; aldiz, Crayola Circles ibai handi baten antzekoa da: berezia, basoak eta oihanak, mendiak eta haranak zeharkatzen dituena, bokaletik itsaso infinituraino isuriz».