Kritika. Antzerkia

'Agnus dei'

2026ko ekainaren 7a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'la pastora: idilio'

Konpainia: El Temblor. Zuzendaritza eta egiletza: Victoria Aime. Antzezleak: Jose Luis Bustillo, Victoria Aime. Lekua: Errenteriako Lekuona Fabrika. Eguna: ekainak 5. 

Eztena jardunaldiek antzerki garaikidearen ikurra bihurtu den Victoria Aimeren azken pieza eskaini digute, Peru Galbeteren eta Andrea Berboisen kontzertuaren ostean. Ez da ikusle asko hurbildu; akaso, proposamenaren ausardiaren beldurrez zeudelako; apika, antzerkiaren azken joerei aurresuposatzen dizkiegun publikoarekiko erosotasun eza eta exijentzia mailagatik; agian, ostiral arrastiria izaki, garuna stand-by moduan baino ezin dugulako jarri. Aurreiritziak aurreiritzi, dena den, ostiralean ikusitakoaren ondoren, Eztenaren programatzaileei arriskuaren eta koherentziaren bidetik abiatu izana eskertu behar diegu aurten ere.

La pastora: idilio (Artzain-neska: idilio) Het Lamb Gods (Arkume Mistikoaren Adorazioa) izeneko zikloaren pieza bat dugu. Hubert eta Jan Van Eyck anaiek Ganteko Katedralarentzat margotu zuten erretaularena da titulua. Azken horretako erdigunean Agnus dei bat dago, Jesu Kristoren sinboloa, munduaren salbazioaren alde sakrifikatuko dena, eta El Temblor konpainiak bere sormen lanerako abiapuntutzat hartu duena, hain zuzen ere.

Gauzak horrela, antzerkia, performancea eta instalazioa generoen emaitza hibridoa den obra honetan ikonografia kristautik elementu anitz daude estetika moderno osagarri gisa, eta hori bitxia —eta iluna— izan daiteke hainbat ikusle garaikiderentzat. Espazio sakratuen (ez)denboran eta errepikapenetan murgildu gaitu Victoria Aimek; Antzinako erritualetan bezala ulertu behar dugu La pastora ez datorrela bat gure gaurko premiarekin edo urgentziarekin. Nik aitortu behar dut arreta iltzatu zaidala konposizio ederretan, baina, eszenak luzeak eta errepikakorrak izan direnez, buruak hegan egin didala, berriro ere oholtzako orainaldira itzultzeko gero. Horregatik, presentismo filosofikoko lezio on moduan bizi izan dut ikusitakoaren lehenbiziko erdia, hain izan da handia eskatu didan kontzentrazio esfortzua.

Dena den, proposamena ezin da estekatu antzerki post-dramatikoa ezaugarritzen duen narrazio ezarekin. Hemen kontaketa egon badago. La pastora-n argumentuak argi azaldu digu artzain-neska bat beste planeta batetik etorri dela Lurrean maitemintzeko asmoz. Haren maitasunaren objektua Van Eyck anaien aipatu axuria izango da. Haren galeraren ondorioz, artzainak sentimendu lurtarrak ikasiko ditu, eta, oso interesgarriak izan diren mimesien bitartez, arkume bilakatu. Hortik aurrera Andaluziako folkloreak okupatu du espazioa, harik eta arkume mistikoa Macarena ama birjinaren irudiarekin urtu den.

Performancearen exekuzioa puntakoa izan da, bereziki Aimeren gorpuzkeran eta, oro har, argiztapen eta mugimenduen koreografian, zehazki. Sortu dituzten irudietako asko hipnotikoak izan dira, arte sakroko figurak, esaterako.

Pozik atera, eta Mikelazulora joan gara ideiak ordenatzera. Lagunekin solasean antzezlana gero eta hobea iruditzen zaigu, lotuagoa. Platonismoa, Margaret Cavendishen zientzia fikziozko The Blazing World eta izara santua aipatu ditugu. Maitasuna eta heriotza, katolizismoaren antzaldatzeak, aste santuko pausoak, XIX. mendeko artzainen irudikapen bukolikoak eta Noah antzerki japoniarraren ezaugarriak: dotorezia, edertasuna eta misterioa. Geroxeago, etxean, adiskideekin deszifratu gabe geratu zaiguna argitu dugu, eta, gure harridurarako, ulertu dugu zertan zetzan lehenbiziko eszena: 1977an, Voyager espazio-zundak espaziotik hedatu zituen soinuak imitatuz erakarriko du artzain-neska gure planetara. Azkenean, beraz, denak zeukan bere azalpena, azkenean ez zaigu hari muturrik lotu gabe geratu.

Beraz, delicatessen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE