Kritika. Musika

Ahantziari arreta jartzea

Paul Weller-'Find El Dorado'
mikel lizarralde
2025eko irailaren 14a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PAUL WELLER

'Find El Dorado'
Diskoetxea: Parlophone-Warner.

Paul Wellerrek ez ditu inoiz ezkutatu bere zaletasunak. 1977 ikoniko hartan The Jam taldeko buru gisa eta punk eztanda bete-betean agertu zenean, bistan utzi zuen bere mod jatorria eta 60ko hamarkadako R&Baren eragina, taldearen hurrengo urteetan agerikoagoa egingo zena. The Jamen azken lanetan eta batik bat The Style Council proiektuarekin, berriz, soulak eta funkak lekua hartu zuten haren musikan 80ko urteetan; eta bakarkako bideari eutsi zionetik, haren diskoetan musika beltzaren —dela soula, dela R&B indartsua—, folkaren eta rock klasikoaren arrastoak sumatu dira etengabe.       

Ez denez Weller izugarrizko sorpresak eman eta bere burua etengabe aldatzeko zale, ez luke inor harritu beharko Find El Dorado hau bertsioz osatutako bere bigarren diskoa izateak. Aurrekoan (Studio 150, 2004), besteak beste Bob Dylan, Gil Scott-Heron, Gordon Lightfoot, Burt Bacharach eta Neil Youngen kantu ezagun eta ez hain ezagunak eraman zituen bere esparrura, ia guztiak 1960-1970eko hamarkadetan idatzitakoak.

Find El Dorado osatu duten kantuak aukeratzeko orduan ere, denboran oso atzera egin du Wellerrek, baina, Studio 150-n ez bezala, oraingoan bere zale askori erabat ezezagunak egingo zaizkien piezak ekarri ditu lehen lerrora. Uneren batean argia ikusi eta ahanzturaren putzuan erori ziren kantu nabarmenak. 

Richie Havens kantautorearen Handouts In The Rain-en bertsio barnerakoi eta akustiko batekin hasten da diskoa, gerora etorriko dena aurreratuz. Izan ere, folkaren, soularen eta rock leunaren artean mugitzen da nagusiki Find El Dorado, baina batez ere lehenengoaren arrastoak nabari dira disko ia osoan. Folk ingeles eta irlandarraren eragina antzematen da, adibidez, One Last Cold Kiss-en —Mountain taldearen jatorrizkoa rocketik gertuago zegoen— eta Lal Watersonen Never The Same-n; eta oinarri beltzeko doinu akustikoak azaleratzen dira, berriz, Clive Palmerrek (Incredible String Band) idatzi eta 1971n Hamish Imlach folk kantari eskoziarrak grabatu zuen Clive’s Song-en moldaketan. 

Azken kantu horretan Robert Plantek parte hartzen du ahotsarekin eta aho soinuarekin, baina beste hainbat kolaboratzaile ere bildu ditu Wellerrek diskoan. Batzuk nabarmendu egiten dira —Christy Moore kantari irlandarra One Last Cold Kiss-en, Declan O’Rourkeren ahotsa Handouts In The Rain-en—, eta beste batzuk diskretuagoak dira —Noel Gallagherrek gitarra jotzen du Eamon Friel kantautore irlandarraren El Dorado kantuaren bertsioan—. 

Diskoan badira une biziak ere. Adibidez, The Guerrillas talde frantziarraren R&B harribitxi baten egokitzapen sutsua (Lawdy Rolla), eta diskoko kantu kutunetako bat, Where’s The Smoke There’s Fire, Willie Griffin ahantziak 1984an argitaratu zuen soul-funk harribitxia. Dena ez da, baina, ezezaguna eta ezkutukoa, eta The Bee Geesen I Started a Joke ezagunaren bertsio nahiko hanpatu bat ere egin du Wellerrek —hemen Lowk kantu berberaz egin zuen moldaketa hunkigarriarekin gelditzen gara—.

Hala ere, emaitza orokorra oso positiboa da, eta kantu eder ugari ezagutzeko ez ezik, haiek idatzi eta interpretatu zituzten artistak deskubritzeko bide bat ere irekitzen du Find El Dorado-k. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.