KRITIKA. Dantza-Antzerkia

Ahitu arte dantzan

Agus Perez.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun

'On achève bien les chevaux'

Konpainiak: Rhineko Opera Nazionaleko Balleta eta La Compagnie des Petits Champs. Moldaketa, zuzendaritza eta koreografia: Bruno Bouche, Clement Hervieu-Leger, Daniel San Pedro. Eszenografia: Aurelie Maestre, Bogna G. Jaroslawski. Jantziak: Caroline de Vivaise. Argiak: Alban Sauve. Lekua: Baionako Lauga kirol-pabilioia. Eguna: irailaren 9a.

Badira urte batzuk Miarritzeko Dantza Maitaldia Ipar Euskal Herriko beste leku batzuetara heltzen dela, eta aurten, Baionako Scene Nationale delakoaren laguntzaz, Rhineko Opera Nazionaleko Balleta ekarri dute On achève bien les chevaux (Bada, zaldiak ere akabatzen ditugu) lanarekin. Jatorrizko obra They shoot Horses, don't they?— Horace McCoyren eleberri bat izan zen, hango Depresio Handian girotua, eta 1969an zinemara eraman zuen Sidney Pollackek. Orain ikusi dugun bertsio dantzatuak asko dauka antzerkitik eta, xede horri begira, eszenan ikusi ditugun berrogei inguru artisten artean batzuk La Compagnie des Petits Champs-ekoak izan dira.

Printzipioz esandakoa baino dezente gehiago iraun duen eszenaratzea eleberriaren eta filmaren zordun zuzena da dudarik gabe, eta horrek kalte nabarmena ekarri dio muntaiari bai alde estetikoetan oro har, bai dantzaren planteamenduan. Izan ere, ezin argiago geratu zaigu muntaia zuzendu dutenen asmoa McCoy eta Pollacken argumentuari fidel izatea izan dela, eta nik uste dut horrekin dena esanda dagoela, dantzaz ari bagara behintzat.

Bestetik, proposamenaren beste bekatu nagusia izan da haren gidaritza hiru zuzendarik hartu izana, horrek esan nahi duelako han ez delako asmo artistiko sendorik izan, batzuen eta besteen arteko komenientziek elkarren arteko paktuetarantz bideratu izan balituzte bezala. Jatorrizko kontuekin amaitzeko, esku-programan bertan adierazten digute interpreteen esku utzi dutela sorkuntza artistikoaren pisua, suposatuz haien benetako ahitzetik etorriko zela testuaren benetako barneratzea. Berriz ere testua, eta aurretiaz esandakoa ia testuala den arren orain hitzez hitzezkoa da: «Eszenografoek eta koreografoak ez dute sorkuntzaren inguruan lan egiteko asmorik. Horren ordez, norbere izaerari ahalik eta fidelena izateko eskatuko diete interprete guztiei».

Gauzak horrela, eta betiere testuari fidel izanik, bikote dantzarien hautaproba masiboaren lekukoak izan gara. Arau bakarra dago: dantza jarraituan ordu, aste eta hilabete gehien iraungo duenak irabaziko du dirua, kapitalismo basatiaren erakusgarri. Baina horretan ere egin digute iruzur, ahituta eta ohatilan eraman dituztenak edota zapatarik gabe geratu direnak kanporatuak izango dira, baina berriro agertuko dira eszenan inolako logikarik gabe.

Eta gero amaiera anitzen kontua dator. Jada bikote dantzarien ustezko eboluzio miresgarriekin ahituta geundela, ballet klasikoko neska bat agertu da puntetan dantzatzen eta inguruan nituen kritikariek elkarri begiratu diote, esanez-edo, «baina zer da hau?». Eta gero bi lehiakideren arteko ezkontza etorri da, eta gero ekitaldiaren zuzendariaren eta bi begiraleen dantza pasartea eskaini digute hiruren luzimendu hutserako, eta gero berriz ere itzuli gara inoiz amaitzen ez zen ditxosozko lehiaketara —gogoratu kanporatuak mirakuluz itzultzen zirela pistara—, eta, halako batean, bi bikoteren arteko larru jotze etenak dena agerian utzi eta tiro batez amaitu da guztia. Aleluia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.