Kritika. Antzerkia

Aitaitaren taberna

Agus Perez.
2025eko azaroaren 4a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'los yugoslavos'

Testua eta zuzendaritza: Juan Mayorga. Zuzendari laguntzailea: Ana Barcelo. Eszenografia eta jantziak: Elisa Sanz. Musika eta soinu-espazioa: Jaume Manresa. Argiak: Juan Gomez-Cornejo. Antzezleak: Luis Bermejo, Javier Gutierrez, Marta Gomez, Alba Planas. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 31. 

Ikusmin handiz joan gara Los yugoslavos (Jugoslaviarrak) antzezlana ikustera, izenburuak erakarrita gehienbat. Gutariko askorentzat eredugarria zen XX. mendeko azken hamarkadara arte iraun zuen proiektu politiko sozialista, bere baitan sei estatu federatu eta bi eskualde autonomo, beste hainbeste hizkuntza, bi alfabeto eta hiru erlijio laizismo osasungarrian batzen zituena. Horregatik guztiagatik bihurtu zen Hirugarren Munduko herri askoren iparrorratz, eta horregatik akabatu zuen europar kapitalismoak hain era sistematiko, krudel eta bihozgabean.

Orain Juan Mayorga egile eta zuzendari espainiarrak herrimin haren hondarrak metafora bihurtu nahi izan ditu, politika edo soziologia aldetik zerikusi gutxi duen testu erdi malenkoniatsu erdi filosofiko batean. Horren justifikazioa gizakien arteko komunikazio zailtasunean datza, eta horretarako plantatu dizkigun eskemak bi izan dira nagusi: tabernariaren eta emaztearen arteko distantzia eta bezeroaren eta haren alabaren artekoa. Hala ere, bezeroak eta tabernariak jokatu dituzte rol nagusiak, eta bi emakumeak haien osagarriak baino ez dira izan. 

Dirudienez, egile eta zuzendariaren aitaitak taberna bat zeraman Madrilen eta, arbasoaren memoriari zor, haren kontakizunen gainean sortu du testuaren oinarria, uste izanda kafetegi edo taberna bateko bitxikeriak nahikoa izango zirela ikusleen arreta erakartzeko. Oker zebilen, ordea, eta berak txertaturiko gogoeta psikologiko-filosofikoek ez dute maila nahikorik erakutsi eszenan gertatukoari interesa gehitzeko. 

Hala ere, itxura intelektualeko saltsa-maltsa hori aurrera atera zitekeen zuzendaritza lan sendo baten eskutik, baina Mayorgak nahi izan du bere sorkuntza idatzia eszenaratu, eta hor hasi dira eraikuntzaren egur guztiak krak egiten, eremu eszenikoa, argiak eta musika egokiak izan diren arren.

Luis Bermejok eta Javier Gutierrezek, ordea, metraileta baten abiaduran hitz egin dute denbora osoan, testuari batere intentziorik eman gabe, eta horrek sano zapuztu du testuaren balizko interesa. Dena den, dudatan nago interesgarria ere ote zen, erdia ere ezin izan dudalako harrapatu, hain ziren txarrak ahoskera, deklamazioa edota mikroen sonorizazioa. Orain gogoratu Bermejo eta Gutierrez ikusi genituela duela urte pare bat, zein baino zein bikainago, El traje miresgarri hartan, Juan Cavestanyen testuarekin eta haren zuzendaritzapean. Nondik datoz, orduan, bi antzezlanen arteko diferentziak?   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.