Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Aitaren opari pozoitua

urtzi urkizu
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Le successeur'

Zuzendaria: Xavier Legrand. Aktoreak: Marc Andre Grondin, Yves Jacques, Louis Champagne, Anne-Elissabeth Bosse. Herrialdeak: Frantzia. Iraupena: 107 minutu.

Xavier Legrand Frantziako zinemagileak arrakasta lortu zuen bere lehen film luzearekin: Jusqu'à la garde. 2017ko Donostiako Zinemaldian Publikoaren Saria eraman zuen, zaintza partekatuaren gaineko drama batekin.

Sei urte geroago, Donostian da Legrand. Espektatibak orduko hartan baino handiagoak izan dira, baina ez dira guztiz bete.

Hasten da filma moda desfile baten eszena ikusgarriarekin. Izan ere, istorioko protagonista moda diseinatzaile prestigiotsu bat da. Parisen bizi da Elias, eta, bat-batean, aita hil egin dela esango diote. Quebecera joan beharko du, Montrealera, aitaren hiletaz eta bestelako kontuez arduratzera. Aurreneko eszenetan bada musika trinko bat, thriller generoari lotu ohi zaiona, eta suma daiteke kontu larriren bat gerta daitekeela istorioan.

Azkenean iristen da klimaxa: Eliasek inoiz esperoko ez zuen zerbaitekin egingo du topo aitaren etxean. Ezusteko horrek ematen dio bide filmari beldur psikologikoaren eremuan murgiltzeko.

Geroago, iritsiko dira ezusteko gehiago. Une horietara iritsi arte, lortzen du Legrandek atmosfera itogarri bat transmititzea. Horretarako, esate baterako, jokatzen du Elias protagonistaren osasun egoerarekin (bihotzeko mina du, antsiolitikoak hartzen hasi da, eta une batzuetan arnasa falta zaio); Marc Andre Grondin aktoreak gehiegi esajeratzen du interpretazioa, québécois erara.

Pelikulari falta zaiona, agian, une batzuetan gehiago sakontzea da. Gizon batek eragindako bortizkeriaren atzean egon daitekeena arakatzeko saiakera bat falta daiteke. Ez baita filma erabat biribila bere mamian.

Edonola ere, kontakizunak bere gain duen tentsioak funtzionatzen du, teknikoki ekoizpenak maila oso ona du, eta pelikulak baditu nahikoa osagai ikus-entzuleen artean harrera bero samarra izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.