Kritika. Musika

Arantzak eta laztanak

'Larra bideak II' diskoaren azala.
Andoni Tolosa.
2026ko ekainaren 28a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

larra bideak

'Larra Bideak II'. Diskoetxea: Egilea editore.

Zazpi urte igaro dira Iñaki Larraiotzek bere lehenengo diskoa, Larra Bideak (2019), kaleratu zuenetik. Zazpi urte, edonola ere, denbora asko oraintsu kaleratu duen Larra Bideak II honen zain. Halaxe gertatzen da arrastoa utzi dizkizuten diskoekin: beti da luze plazera eragin dizun horren jarraipenaren zain egotea. Egia da itxaronaldiak eragin kaltegarriak ere badituela; mitifikatu egin dezakegu espero dugun hori, eta arriskua dago, besteak beste, egileari gehiegi eskatzekoa. Ohikoa izan ohi da lehenengo bikainaren itzalak musikariaren hurrengo lanak baldintzatzea, eta, alde horretatik, gakoa izan ohi da bigarren diskoa edozein musikarirentzat. Ulergarria da, beraz, artistak hainbeste denbora hartzea laburregi gertatzen den sei kantuko disko hau kaleratzeko.

Giro geldo eta ilunak, popetik eta folketik edaten duten kantuak, nahi gabe bezala sortzen diren leloak, hitz batzuetan kriptikoak, baina batez ere iradokitzaileak, melodien malenkonia argitsua... kantaera gozo eta lasai hori. Hortxe daude denak, aurrekoan bezala. Baina are destilatuago, are finago, are berariazkoago. Musikariak heldutasunerantz egindako urrats nabarmena da distrakzio gutxiko kantu-bilduma hau, eta agerian dago bide hori egiteko bidaialagunik onenak topatu dituela Berako harrobian: Iñigo Telletxea baxuan, Ibai Gogorza gitarran eta Mattin Arbelaitz baterian. Lan bikaina egin dute kantuei intentsitatea, giroa eta kolorea gehitzen, inoiz kantua ito edo desbideratu gabe. Horren adibide bikaina dira Gogorzaren gitarraren marrazki minimalistak, batzuetan, ia-ia naifak.

Zerrenda egin genezake kantuen leloekin: «Esaidazu ez berriz ere» diskoa ireki eta tronpeta urrun batzuk janzten duten Esaidazu ez kantuan; «izan nahiko nuke zure lorantza-kide», erritmo-kutxa baten oihartzunak dituen Kide-n; erritmo hautsiagoa du Hezurrek eta bere hitz bereko lelo motela; «esan zeuk libre nor jaio den libre»; tronpetak itzuliko dira Dantza-n eta «zu zeu horien denen dantza zara» enigmatikoa agertuko da kantu erdian; azkenik, «ze zeu ere…» letaniak jantziko du diskoa ixten duen Tanta. 

Aurreko diskoan bezala, hitzak Iñigo Astizenak dira eta irakurketa zein entzunaldi askotarako ematen dute, batik bat, kantariaren ahots apur bat gogogabetuak kontatzen dituenean. Zarata handirik egiten ez duen disko intentsu horietako bat da, 80ko hamarkadako after-punkaren itzalez jantzia, non arantzak eta laztanak txandakatzen diren etengabean. Agian, horregatik entzunaldia amaierara iristearekin batera Itoizen Ambulance-rekin gogoratu naiz, eta orain ezin dut burutik kendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA