sideshow
'Tigray Funk'
Diskoetxea: 10K.
Honatx nazioarteko hip-hop panorama asaldatu duen lana, Sideshow musikari etiopiar-estatubatuarraren disko berria, Tigray Funk, zeinak 32 doinu biltzen dituen, ordubete irauten duen obra zimendatzeko. Iraupenari eta doinu kopuruari erreparatuz gero, Tigray Funk ez da erraz barneratzen den lan horietako bat; kontrara, entzuleari ahalegin eskerga exijitzen dion soinu ariketa luze bezain sakona da. Hori dela eta, diskoaren muinean sartu baino lehen, ohartxoa: erosotasun hedonistan tripaz gora egon nahi dutenek hobe dute urrundu; ordea, 32 lehergailuz osatutako armategi honetan giltzapetuko direnek eztanda kaleidoskopikoan bidaiatuko dute.
Tigray Funk MIKE hip-hop musikariak zuzentzen duen 10K diskoetxeak orain arte plazaratu duen disko anbiziotsuena da, eta, era berean, Sideshowk gaur arte argitaratu duen grabazio handiena da, ez bakarrik aurretik aipatutako iraunaldi zabalagatik eta diskoan bildutako ale kantitateagatik, baizik eta baita musikariak aurreko lanetan jasotako ezaugarriak harago eramateko gaitasuna erakutsi duelako ere.
Sideshow hip-hopean hazitako musikaria izanagatik ere, askotariko estiloetan bustitzen da, hala nola trapean, ambient-ean eta funkean. Haatik, bere zigilua markatzen du doinu guztietan: minimalismoaren jarraitzailea izaki, kantuak melodia sinpleetan egituratzen dira, baina sinpletasun horretatik abiatuta giro psikodelikoetara iristen da, gune koloretsuetara. Aniztasun hori, baina, bere ahotsaren bitartez bateratzen du, ore homogeneo bat lortu arte. Hip-hopeko artista bati espero zaion ahots sendo, erritmiko eta oldarkorrik ez du erakusten Sideshowk, bere kadentziak sigi-saga egiten baitu kantuaren bizkarrezurretik arrastaka ibiltzeko asmoz.
Hitzetan, adikzioek, paranoia pertsonalek eta eguneroko gertaerek talka egiten dute Palestinako edo Etiopiako Tigray eskualdeko gatazka belikoekin —Sideshow, hain zuzen, Etiopiako zona horretan jaio zen—. Era berean, bestelako metaforak ere erabiltzen ditu, diskoan zehar agertzen diren animaliak harrapakari eta harrapakin bihurtzeraino.
Horiek horrela, lan hau Kendrick Lamar musikarien To Pimp A Butterfly (2015) mugarriaren parean jarri dute adituek. Horrekin batera, MIKE eta Earl Sweatshirt musikarien ondorengo duintzat ere jo dute.
Aburuak aburu, Sideshowren proposamena sailkaezina da, bere fluxuak nahasi egiten duelako entzulea, artega jartzeraino. Halere, entzuleak pazientziaz eusten badio diskoari, laster nabarituko du mozkortuta edo sorginduta dagoela, estatubatuarraren ahots alferra eta hizkuntza ekonomia tarteko, Sidehowk bitarteko gutxirekin asko adierazten baitu. Abstrakzioan murgiltzen da musikaria, lurralde zehatzetara iristeko, eta horretarako soinu txatalez baliatzen da: melodia xaloak, funk erritmo kalamastrak, sintetizadore trazak, soul kutsuko bukleak…
Finean, sekulako arreta eskatzen duen alimaleko obra izanagatik ere, Tigray Funk-ek onurak baino ez dakarzkio entzuleari. Hirugarren entzunaldian jakingo duzue zertaz ari naizen… Ordura arte… misterioa.