KRITIKA. Performancea

Arte garaikidearen barrunbeak

Agus Perez.
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Extraños mares arden'

Jatorrizko ideia: Txalo Toloza, Laida Azkona. Zuzendaritza eta testua: Txalo Toloza. Musika: Juan Cristobal Saavedra. Argiak: Ana Rovira. Interpreteak: Laida Azkona, Txalo Toloza, Juan Cristobal Saavedra. Lekua: Bilboko Pabilioi 6 aretoa. Eguna: Urriak 30.

BAD jaialdiko azken emanaldian Laida Azkona dantzari nafarra ikusteko aukera zegoen, eta ez dugu dudarik egin Pabilioi 6ra joateko, gutxitan ikusten baitira bere lanak Euskal Herrian.

Bere aurreko lan bat —Mu-To, Txinaraino tunel bat zulatu— Eako Poesia Egunetan ikusi genuen 2014an, eta orduan argi geratu zen Azkonak bere jatorri euskalduna eta munduaren gaineko ikuskera taula gainera eramateko determinazioa, dantza garaikide bikaina eta performancearen lengoaia ederki uztartuta, eta oraingo honetan Txalo Toloza performer txiletarrarekin elkartu da antzerki dokumentalaren bideetatik ibiltzeko. Tolozak parte hartu du BAD honetako beste proposamen konprometitu batzuetan, hala nola Roger Bernaten Numax-Fagor plus pieza politikoan eta sortzaile beraren We need to talk instalazio performatiboan. Lehenak enpresa kolektibizatuez hitz egiten du eta bigarrenean ikusleek mikrofonoa hartu eta ahotsa jartzen diete proiektatzen diren ahotsik gabeko film zatiei.

Aukera honetan arte garaikidearen altzoan sortu diren negozio itzelak aztertu ditu Toloza-Azkona bikote artistikoak, eta gaia lantzeko zer egokiago Guggenheim sendiak —bai, Bilboko Guggenheim museoko berberek— Atacama basamortuan nitratoen ustiaketan egindako negozio kosmikoak baino?

Euskaraz zein gazteleraz egindako aurkezpenean esan zigutenez, asko irakurri beharko genuen emanaldian zehar, baina merezi izan du, testu proiektatuen bidez ezagutu ditugulako klan judu-estatubatuarrak eta haren inguruko indarrek —Londresko City-a lehen eta Wall Street gero— XX. mendean finantzaturiko gerra sasi-patriotikoak Peru eta Boliviaren kontra, Atacamako aberastasuna Txileren esku geratu zedin, eta jarraian etorritako Txileren erabateko espoliazioa, bertako presidenteak kapitalismo basatiaren txotxongilo bihurtuta eta El Mercurio egunkari ahalguztidunaren jabetza klanaren morroien esku egonda.

Ikerketa lan sendo horretatik etorri den datu zaparradarekin batera hiru artelan paradigmatiko geratu dira azpiratuta bi interpreteek izara zuriz, okrez eta urdinez osatutako paisaian. Elementu xume baina eraginkor horiekin irudikatu dute Ozeano Baretik Andeetaraino doan paisaia ezin idorragoa: bertan gorpuak ez dira usteltzen erabateko hezetasun faltagatik, eta kalkulatzen da etxola abandonatuek 25.000 urte iraun dezaketela, erosio ezaren ondorioz. Panorama teluriko horretan aurkeztu dizkigute artelanekin dirutza ikaragarriak egiteko trikimailuak eta aberaste meteoriko hori lortzeko eman behar diren urratsak, muturreko absurduraino eramango gaituzten arren. Izan ere, soilik haien arte-funtsen %3 erakutsi da inoiz. Gainontzeko guztia soto gotortuetan datza, arte-merkatuko birbalorizatze prozesu etengabean, burbuila lehertzen ez den bitartean. Eurena bai artelana!

Argi-diseinu poetikoan eta zuzenean editatu eta jotako musika atmosferikoan bilduta ibili dira Azkuna eta Toloza, eta haietariko bakoitzaren inplikazioa bi eratan gauzatu da: Tolozatarren saga pertsonala datu historiko eta ekonomikoetan harilkatuta agertu da, kontakizunari hurbiltasuna eta benetakotasuna emanez, eta amaiera aldera Azkunak xaman eran dantzatu duen pasarteak duintasuna eta bakea hedatu ditu Atacamako eremu tormentatuaren gainean. Datozen egunotan Iruñeko Gaiarre antzokian egongo dira lan honekin, Nafarroan ere zerbait aldatu den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.