Artea. Kritika

Arte kritika eta flamenkoak zeru berdean

Mari Puri Herreroren Jangela artelana. DURANGOKO ARTE ETA HISTORIA MUSEOA.
Mikel Onandia Garate.
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
'Jangela'. Mari Puri Herrero

Lekua: Durangoko Arte eta Historia Museoa. Bilduma iraunkorrekoa.

Biboteduna taxi beltzean sartu eta handik hamar ordura irten da, desertuan. Bere narruzko zapata italiarrak azkar asko lohitu dira, hautsez batik bat. Kapeluak doi-doi estaltzen dio sudur itzela. Ez dauka batere presarik, baina maletina eskumako eskuan hartuz korrika hasi da hegoalderantz, nahiko arin. Buruan fardelak daramatzaten andre beltzak, titi bistan, urrutian ikusten ditu bibotedunak, baina haiengana heldu baino lehen hiltzen da, lurrera eroriz, flamenkoak zeru berdea gurutzatzen ari diren unean. Eta orduan esnatzen naiz». Hala dio neska gazteak, ingurukoek —baita traje marraduna daraman gizonezkoak— arreta handiz entzuten diotelarik. Jangelan daude. Baina ez bakarrik. Jende asko dago. Ehunka.

«Miles Davis baino, nik Chet Baker nahiago. Hain du leuna ahotsa». Halakoak eta beste entzuten dira jantokiko elkarrizketetan. Bakarrizketarik ere bada: «Matfgiljdifjnsidfbsgdo». Urrunean, ahots apurtuaz, hala dio zahar batek: «Jaka franelazkoa eta artilezko bufanda laranja jantzi eta bihotz-piruleta gorri-gorria ahoan, Martin, arrantzalea, Amsterdamgo kanaletako zubiak gurutzatzera abiatu zen sex shop, coffee shop eta fruit shop-en artean, handik hona, Adidas urdin gris eta bigarren eskuko Levi'sak ere soinean. Freno bako bizikleta beltz azkarrek, hip-hop dantzariek eta modelo ilehoriek, betetzen zuten Heinekenek geldotutako paisaia».

Alta, aditzen dira solasaldi arinagoak ere. Hurbilen den mahaian hala zioten orain minutu batzuk: «Begira, kritikak inplikatzen dituen arazo etikoak oso erraz ekidin daitezke; inperialismo kulturala aitzakia Guggenheim kritikatu (alderantziz ofizialistaz salatua izan baitaiteke bat) eta artista gazte eta apurtzaileak goraipatu, era berean ulergaitza den testu batez hobe; hala argi geratuko dira gauzak —egiaz abangoardia historikoek orain ehun urte proposatu zutena behin eta berriz errepikatu baino egiten ez dutenak, haien burua enfant tèrrible-tzat agertzen duten horiek, baina beren lana instituzioek, ondo ez ulertu arren, bultzatzen dutena—. Era horretan bat ez da arazotan sartzen, nahiz eta batzuek gustuko dituzten problemak. Arranopola! —haserre dio—; nola hitz egin kritikaren auzi etikoez, berez, kritikoek beraien testuak arin eta patxada gabe —'patxadaz ikusteko moduko erakusketa' esaldia hain gustuko dutelarik!— diruaren truke gauzatzen dutenean, eta ez egiarekiko konpromisoa lehenetsiz?».

Halakoak —eta beste— entzun dituenean, sukaldari buru karratua mahaira hurbildu eta azkar asko erantzun (eta baieztatu) ditu emakumearen kezkak: «Pintzelkada solte edo askeaz, figurazioaz ala abstrakzioaz, hurbilago dagoen aipatzearekin, edota deskribatutako lanaren kontzeptualtasunaz zein indar estetikoaz esaldi arranditsu batzuk botaz, egina dago kritika; ez dauka misterio handirik. Gainera, erreferentzia nominalak darabilzkite beraien hitzak dotoretzeko, zelofan gisa, sorkuntza gabezia pertsonala besteen izen eta ideiekin betez horrela. Eta testu ziztrin bat osaturik, uste dute besteen sorkuntza lana juzgatzeko epaile direla. Izan ere, kritikak ariketa sasi-literario bat izaten dira usu; berez, kritikariaren burutazio pertsonalak erakusteko aitzakia bat izan ohi dira, ez besterik. Zer da bada kritikaria, artista ala idazle frustratu bat ez bada? Edonola ere (hasperena), berdin da. Total, inork ez ditu irakurtzen kritikak!».

Emakumea mutu geratu da. Berbak ez zaizkio ateratzen, ezpainak lotu, zarratu egin baitzaizkio, eta eginahal izugarriak egin arren, ez dira bere ahotik soinu ulergaitzak besterik ateratzen. Nahi eta ezin.

Halatan daude, jangelan, inoiz helduko ez den bazkariaren zain, 1981ean Mari Puri Herrerok munduratu zituenetik. Badira jada hamarkada batzuk, eta oso noizbehinka heltzen dira museo durangarraren hirugarren solairura bisitari despistatuak. Normalean ez dute, mahaikideek, inoren arreta deitzen. Bakanen batzuek soilik begiratzen diete harriduraz, haien eztabaidak ulertu guran, zurrumurru motelei erreparatzen, aretoaren isiltasunean. Ez da erraza, ordea. Linbo metafisiko batean bizi dira, artistaren beraren oroimenetik ere desagertu dira eta.

Baina, honaino heldu bazara, irakurle —hor zaude oraindino? nor zara?—, ez izan zalantzarik; ez dakigu zer, baina duda barik, hau ez da arte kritika bat —ez da esplikatu margolana bera errealismo magiko legez sailka zitekeela, nahiz eta kutsu surrealista eta kafkar argia izan—. Asko jota, Mari Puri Herreroren koadro bateko protagonistek beraien ametsetan flamenkoek zeru berdea nola gurutzatzen duten —eta beste— deskribatzen duen kronika bat. Ez al da nahikoa? Bitartean, mahaikideek txutxumutxuka jarraituko dute. Jangelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.