KRITIKA. Artea

Artea, kultura, artea

Agirregoikoaren azken bi serieak eta ikus-entzunezko pieza bat ikus daitezke erakusketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2016ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Juan Perez Agirregoikoa

Erakusketa: 'Sábado, domingo, sábado'. Non: Carreras Mugica (Bilbo). Noiz arte: Abenduak 3ra arte

Irailak 17tik Bilboko Carreras Mugica galeriak Juan Perez Agirregoikoa artista donostiarraren azken lanak ditu ikusgai. Bertan Agirregoikoaren azken bi serieak ikusteaz gain, Ciudades ideales eta Tatuajes, 2014. urteko Sao Pauloko Bienalean aurkeztu zuen lana erakusten da, Dead Letter.

Dead Letter-ek 1964. urtean Pier Paolo Pasolinik San Mateoren ebanjelioaren inguruan eginiko bertsioa du oinarri, kristoren bizitzaren erreprodukzio leialen gisa ezaguna. Pasoliniren bertsioa aztertu zuenean, Mateoren ebanjelioko ekonomiari buruzko bertset guztiak alde batera utzi zirela konturatu zen artista donostiarra, gauza bitxia Mateo garaiko zerga-jasotzailea zela jakinik. Horrela, 50 urte beranduago, Agirregoikoak film labur bat egitea erabaki zuen, Pasoliniren elementu estetikoak errespetatuz eta alde batera utzi ziren zatiak argitaratuz. Horrela, gidoia berritzen da, aurretik baztertu ziren bertsetak azpimarratu eta erlijioaren ikuspuntua zalantzan jarriz.

Film laburrak galeria bilbotarraren gune nagusia betetzen duen bitartean, Ciudades ideales eta Tatuajes multzoak bigarren aretoan antolatzen dira. Lan berrienak marrazkiaren eta pinturaren artean mugitzen dira; agian, artista donostiarraren lanaren barruan ohikoagoak diren lan prozesuak. Ciudades Ideales-en artista formatu handiko teletan landutako hirietako kale-izendegiez baliatzen da, boterearen eta bizilekuen arteko harremana landu, eta oraina, geroa eta iraganeko Valentzia, Madril edota Bilboko planoak eraikiz. Formalki baino gehiago kontzeptualki funtziona dezaketen lanak dira; Tatuajes-en, berriz, paper gainean teknika anitzez sortutako sail ikusgarri baten bitartez, tatuajeek gaur egungo eta Mendebaldeko gizarteetan daukaten erabilera estetikoaren inguruko gogoeta plazaratzen du, gorputz, irudi eta ideien arteko harreman hori azpimarratuz.

Lanak, lehen begiradan, ironia zakar batean murgilduak diruditen arren, laster konturatzen gara irudikapen kode zaindu, garbi eta gozoez osatzen dela. Bada haren lanetan nolabaiteko kontrolatutako indar bat, zentzugabea dirudien estetika baten atzean gaur egun bizi ditugun eztabaida korapilatsuak hutsalaren eremutik gertu aurkezteko ahalmena. Eta horrek kontrajarriak diruditen ideia eta prozesuak azaleratzen ditu, bere lanaren oinarrietako bat bilakatu direnak.

Azken erakusketa hau ez da salbuespen bat, eta, berriro ere, ideologia, politika, gizartea, masa-kultura eta irudikapen bideen nahasketa bitxi bat aurkezten digu. Agirregoikoaren lanek garrantzi handiko diskurtso guztietatik ihes egiten dutela dirudien arren, ironiarekin parekatzen den estetika bat dela-eta, agian gordetzen duen horrek azaleko erretorika horiek guztiak baino oinarrizkoagoak diren ideia batzuk gordetzen ditu. Zeren, umorearen edo ironiaren eremuetan eraiki eta aurkezten diren adierazpen formal hauen sailkapena nahasia da, bai filosofiaren nahiz psikologiaren esparrutik. Horrela, batetik, gustu onaren aurrean altxatzen diren praktikak egon daitezke, noizbehinka irribarrea eragiten digutenak. Horrekin lotuta, umorea, egoera kontraesanezkoen bitartez ikusleak aurrejarritako ideiak zalantzan jar ditzakeena. Edo, nola ez, erlijioa edo sexua bezalako tabuen bitartez zirikatzen duen ideologia. Guztiek dute, nolabait, bere txokoa Agirregoikoaren lanean.

Erakusketatik aldendu gabe, Agirregoikoak berreziketaren inguruan egin izan dituen aipuak datozkit burura, kulturari egiten dion kritikari lotutakoak. Heziketaren eta kulturaren artean, artista donostiarraren erakusketa ikustean, zail egiten zait artearen munduan askotan landu izan den autokritika edo artearen eta horren munduaren inguruko ikuspegi ironiko/satirikoa ez aipatzea. Kultura garaikidearen karikaturizazioak artearen sistema beraren kritika bat gordetzen du, artista bera, horren lana eta sistemaren aurrean duen jarrera azpimarratuz. Baina, noski, sistema kapitalista eta instituzio sistemari estuki lotzen den mundu honetan kultura eta iraultza nahastea zaila izan daiteke, diskurtsoa, eta horrek bilatzen duen azken hori, artifiziala eta itxurazkoa izan ez dadin. Horretarako, Juan Perez Agirregoikoa ironiaz baliatzen da, erakusketa honetan ere kulturaren eta artearen ikuspegitik maila gorenean dauden pertsonaiak (Pier Paolo Pasolini, kasu honetan), gaur egungo politika edo B mailako izarrak (Rita Barbera edo Chuck Norris, besteak beste) eta masa-kultura nahastuz. Berdin balio dute goi mailako filmek, hirietako kaleen izendapenek ala gorputzetan gordetzen diren tatuajeek. Guztiak dira manipulagarriak. Gu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.