Zortzi urte itxaron behar izan dugu Biluzik apartaren jarraipena entzuteko. Orain arteko hiru diskoak eta MMX (Maialen, Mixu eta Xabaltx) egitasmoarena Agorila diskoetxearekin argitaratu ostean, autoekoizpenera jo du lehen aldiz Arrosako (Nafarroa Beherea) kantariak. Lan guztietan erakutsi duen ausardia eta bide propioa lantzeko nahia miresten dugunok harro egoteko moduko lana dugu hauxe. Bere unibertsoan dena baita posible: euskal kanta eta popa; folka eta soula; jazza, rocka eta gospel zertzeladak.
Aski seguru eta guztiaren gainetik, bere ahots zoragarria aipatu behar dugu: teknika aldetik oparoa izateaz gain, tinbre anitzen jabea baita. Nortasun oso markatuko jario hori txikitatik landua du. 1983an jaioa, 7 urterekin Ezpeletako haur abesbatzan hasi zen, zeinarekin hainbat lehiaketa irabazi zituen, baita 2000.ean bakarkakoa ere. 2001ean Emazteak Kantuz proiektuan parte hartu zuen, eta 2004an iritsi zen bere lehen lana, Nere mundua, non jada bere ibilbidean ohikoak izango ziren klabeak azaleratu zituen. Bakarkako ibilbideaz gain, lehen aipatu dugun MMX eta Briganthya taldeak ere gogora ekarri behar ditugu.
Lan berri honen boterea Oinetatik bururaino indartsu eta aurrerakoitik nabari da. Ahotsaren indarraren eta musikaren erasoaldi bortitzen olatuetan aise murgilduko gaitu Errotabeherek, bukaeran rock burrunban murgiltzeraino. Badauka lan honek balada zoragarri bat, Boladak, pianoak eta ahotsaren arimak eternala bihurtzen dutena. Tempo ertaineko (eta ia balada formatuko) beste bi pieza erakargarri ere badaude gutxienez: Hitzaren indarrez (berriz ere pianoak goraipatzen duena) eta soul pintzelkada kitzikagarriak dauzkan Miraileko arrotza.
Soula aipatu dugunez, gure protagonistaren nortasunaren parte ere badela esan genezake, eta, nolabait, arrasto hori diskoaren momentu zenbaitetan azaleratzen dela uste dugu. Azken horretaz aparte, eta Denak gara berdin blues gozagarria dugun arren, ahotsen tratamenduak eta melodiek berriz ere soula laztantzen dute. Aske baizik ez emakumeek jasaten dituzten estereotipoen aurkako aldarrikapena da. Frantsesez kantatutako bat ere badago, noski: Valse nocturne. Unibertso limurtzailean murgiltzen gaituen pieza, bere sei minutuko garapenean jazz izpiritua rockarekin nahastera ere daramana.
Nor naiz ni-ren azelerazioak, geldialdiak eta perkusioak. Ahots bikoiztua duen Mutil guzien artean edota koru flotatzaileek misterioz janzten duten Ilargiaren alabak. Baina Komunekoa izango da, agian, Maialenen ibilbideko gailurra. Zati errezitatuaren ondorengo koru epikoa, baxu guztiz sarkorra eta dantzagarria... erabateko pieza, inondik ere. Beraz, eta horregatik guztiagatik, euskal musikan ondoen gordetako sekretua dela uste dugu, eta ulergaitza egiten zaigu hegoaldean arrakasta itzela ez edukitzea.
Maialen 'Animus Anima'
Askatasun ibaia
Argitalpena: Egilea editore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu