'taupaka'
'En plan... nerabe'
Maiatzaren asteburu berean bat egin dute Iruñerriko bi musikal gaztek, formatu handikoak biak ala biak eta bi ikastetxetako ikasleen parte hartze handiarekin, hala taula gainean nola sortze-prozesuan, haietariko bakoitzaren ezaugarrien arabera kasuan kasu.
Maiatzaren 8an izan zen Barañaingo auditoriumean Iruñeko Jaso ikastolaren Taupaka musikalaren estreinaldia. Jasoren emanaldien ezaugarri bat da gai sozial eta konprometituak produktu eszenikoaren abiapuntua izatea, eta aurtengo edizioan ikasleen etorkizun profesionalak hartu du protagonismoa.
Eli ikasle gaztea bizitza profesionalerako ari da bere burua prestatzen. Sendagile izan nahi du, eta bere kezka nagusiak izango dira zirujau izatearen erronkak eta larrialdietan biziko dituenak, halako moldez non ezinbestean endredatuko zaizkion jardun profesionala eta pertsonala, horrela lortuz kontakizunari dentsitate handiagoa eta intriga puntu bat ematea.
Aurreko urteetako itxura eszenikoari begira, apalagoa suertatu da dekoratuen diseinua, baina nolabaiteko soiltasun hori plataforma birakariaren erabilerarekin konpentsatu da. Aurrekoetan izandako argien diseinu espektakularra ere moderatu da oraingo honetan —ikasleek beraiek egin dute ehuneko ehunean—, baina pertinente eta egokia suertatu da, gaiaren seriotasuna kontuan hartuta. Hala ere, umore eta alaitasun tarteak ere izan dira bai autoaren istripuaren irudikapenean —akrobazia ikusgarriak tarteko— bai ebakuntza korapilatsuaren harira, eta gozamena izan da Jaso ikastolaren orkestra zuzenean entzutea.
Asteburu musikaleko hurrengo egunean goraino bete zen Burlatako kultur etxeko auditorium handia En plan… nerabe izeneko emanaldiarekin. Barañainen estreinatu zen apirilaren hondarretan, eta kasu honetan hango Alaitz BHIn Arte Eszenikoak eta Musika ikasten ari diren gazteek atondu dute. Eskerrak musikal batean zein bestean irakasle engaiatuen lan eskergari.
Izenburuak berak dioskunez, nerabeen bizi korapiloak dira ikuskizunaren funtsa, eta agertoki handian ia-ia kabitu ezinik ibili dira ikasleak koreografia kolektiboetan azaldu direnean. Atzeko horman lerrokatuta jardun dute hamar bat musikarik txandaka, eta musikaren interpretazioak nahiz koruek eta banakako ahotsek kalitate garbia erakutsi dute abesti ezagunen interpretazioan.
Bide horretatik, emanaldian zehar bizitzaren etapa horretako kontu arazotsuei ekin diete, eta horrek nolabaiteko itxura zatikatua eman dio emaitza eszenikoari. Jorratu dituzten arloak askotarikoak izan dira —segurtasunik eza, alkohola eta beste drogak, maitemintzeak, ikasketak, familia harremanak, esperoak eta nahiak, lan irteerak…—, eta haien artean ikasle batzuei egindako elkarrizketak proiektatu dira, benetakotasun handiarekin eginak, bide batez esanda.
Alde eszenikoari dagokionez, ez da ia dekoraturik egon eta, beraz, antzezleen interpretazioan eta koreografia masiboetan zentratu da gure atentzioa. Hala eta guztiz ere, emankorra suertatu da elementu soil batzuen erabilera. Horrek, adibidez, esangura handia eman die ispiluen beste aldeko mamuekin izandako solasaldi artegagarriei eta baita ere sukaldean, medikuarenean edota gurasoen presiopean izandako eszena irudimentsuei, fortunaren erruletan girotutako pasarte mamitsua ahantzi gabe, noski.
Ikusten denez, ikastola eta ikastetxe publiko bana arduratzen dira lan eszeniko aipagarriak plazaratzeaz, non eta Iruñerrian, euskara txukunez jatorritik, denon intereseko gaiak planteatzen, beren baliabide neurtuei ahalik eta probetxu handiena ateratzen, euskaldunen komunitatea saretzen eta sendotzen. Non ote daude, bitartean, iji-aja dabiltzan izen handiko beste konpainia asko?