PJ Harvey 'I Inside the Old Year Dying'

Atmosfera eta poesia

Diskoetxea: Partisan Records.

2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Diskoaren hasiera-hasieratik erakusten digu PJ Harvey musikariak bere ibilbidea borobiltzen duen hamargarren diskoa nondik norakoa izango den. Ahots altu lasai batekin hasten da abesten, airean nota baten bila ariko balitz bezala, hauskor eta dardarti. I Inside the Old Year Dying atmosferaz, poesiaz eta espiritualtasunez beteriko lana dela iradokitzen digu hasieratik.

Autumn Term-erako bidea sintetizadore leun, bateria kolpe xume eta hitz sendoek egiten dute, lehen aipaturiko atmosfera berezia sortuz. Gitarra urrun batzuk ageri dira, eskola bateko atean grabaturikoak diruditen oihu batzuekin batera, urrunean hauek ere. Lwonesome Tonight folk abesti bat da, eta bertan Harveyren ahots altuak unibertso espiritual horretan barrena otoitz egiten duela dirudi. Seem an I-k ematen dio jarraipena diskoari. PJ Harveyren ahots biluztua loak hartzeko dagoen haur bat balitz bezala ageri zaigu jazz giroa ere sortzen duen abestian. Malenkonia sentipen bat ere sortzen da ondorengo kantuetan, The Nether-edge-ekin hasi, I Inside the Old Year Dying-etik pasatu eta All Souls-eraino. Printza elektronikoak ere ageri diren melodia instrumental batekin hasi, eta bat-bateko ahotsaren agerpenarekin, loezinaren eta bakardadearen inguruan abesten amaitzen du.

Artista ingelesak estilo ezberdin bat dakar lan honetan, heldutasun poetiko handi batekin, surrealismoaren, mitologiaren eta metaforen artean dantzan. Lan hau aurrekoak baino atmosferikoagoa eta espiritualagoa izatearen arrazoia azken boladan pelikula eta telesailetarako soinu bandak sortzen aritu izana da. Hala ere, aukeraketa instrumental hauek paregabeak dira bere haurtzaroaz, landa-inguruaz eta beste gai pertsonal batzuez abesteko. Nahiz eta aurreko diskoen jarraipen bezala ulergarria gerta daitekeen, I Inside the Old Year Dying bere diskografia osoa hartu eta bertako pieza ezberdinekin puzzle bat osatzea erabaki balu bezala ere ulertu daiteke, ibilbide luzeko artistetan oso ohikoa ez bada ere. Mugimendua eta istorio baten kontakizuna abestien momenturik motelenetan ere aurkitu daitezke; detaile zehatzek indarra hartzen dute paganoa bezain espirituala dirudien atmosfera horren gainetik.

PJ Harveyk berak esan du disko honen sorkuntza urte askoko lana izan dela eta forma ematea dezente kosta zaiola. Hasierako sustraietatik naturalki aldenduta doan denbora honetan, normaltasunez hartu beharko genuke riff itsaskor eta distortsioaren presentzia eza, nahiz eta amaieran zantzu batzuk ageri diren, lehen aipatu bezala, bere ibilbideko lanetan inspiratuta konposatu duen diskoa izan bailiteke. Naturalki eginiko eboluzioaren azken urratsa da honakoa. Hasierako gitarra eta distortsioetatik saxofoi eta ahots leunagoei bide eman die, atmosferaz beteriko lana osatzeraino. Naturala bezain aparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.