KRITIKA. Musika

Atzerapausoa

Arkaitz Mendoza.
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria:Jun Maerkl. Egitaraua: Cantelouberen Cinq chants des Pays Basques eta A. Brucknerren 4. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditorioa. Eguna: Apirilak 7

Loraldiak baditu gau beltzak. Umotasun aparteko talde lan jakitun bat behar du Anton Brucknerren 4. Sinfoniak, eta, tamalez, Euskadiko Orkestrak ez du gertu sentitzen garaipen iturri hau. Talde guztietan gertatzen den bezala, batzuk prest daude obratzar hauek egiteko, baina beste batzuentzat, gehiegizko zama eta erronka bihurtu da. Irizpide orokor batean murgilduko bagina, zalantza izpirik gabe haize metalezko instrumentuentzat urteko final partida da Brucknerrek planteatzen diena. Tronboiak ohituta ez dauden etengabeko jardunean, tronpetak aldameneko tronboien deiadarretan motz ez geratzeko esfortzu izerditsuan, eta tronpak amaitzen ez den mendikate ikaragarri baten aurrean. Egitarau askotan testigu moduan dugun tuba jotzailearen berebiziko rola ez dugu ahaztu nahi, zoragarri aritu baitzen. Esan bezala, tronpen nahi eta ezinetik tronboien ekimen gartsura, eraldaketa bortitzegia sufritu zuen orkestrak. Fagota, goibel; flauta eta klarineteak, afinazio lanetan ulergaitz; eta kontrabaxuak, arima sutsurik gabe, Brucknerren harmonien zutabe erraldoien zama beraien menpe zegoela ohartu ezinik

Zuzendariak interpretazioa amaitzean agurtu zituen lehen musikariak biolak izan ziren, merezita, emanaldi polita biribildu zutelako. Iraunkortasunean eroso sentitzen den tinbal jotzailea ere dotore, zuzendariaren intentsitateak maila gorenean kokatuz. Iraupen luzeko musika txatal hauetan lotura giltzak zailak dira behar bezala txertatzen eta horretan Maerkl mugikorregi aritu zen, patxada eta trinkotasuna sendo itsatsi gabe. Kontzertuko aisialdi gisa genituen euskal bost piezak interesgarri kantatu zituen Clara Mouriz mezzosopranoak; etxeko auditoriumetan ez dugu maiz entzun, eta aukera polita izan zen haren dotoreziaz jabetzeko. Gustagarri oso, pieza errazak, baina dotore adieraziak, nahiz eta orkestraren laguntza iskanbilatsua izan, soinu oreka tamalgarriaren ondorioz. Loraldiak baditu gau argitsuak ere: harrapa ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA