'The Royal Hotel'
Zuzendaria: Kitty Green. Aktoreak: Julia Garner, Jessica Henwick, Toby Wallace, Hugo Weaving, Ursula Yovich. Herrialdeak: Australia. Iraupena: 90 minutu.
Filmeko bi neska protagonistak parrandan ageri dira lehen eszenan. Non, eta Sidney hiriko badia ederrean. Baina sosik gabe gelditu dira, eta Australiako barnealdeko toki apartatu batera joango dira lanera. Mundutik aparte dagoen eremu batera, alegia. Toki hartan ez dute Australiako ametsa aurkituko, baizik eta maskulinitate toxikoz betetako inguru bat. Taberna horretara joaten diren gizon matxisten toxikotasunak ez die lasaitasunerako aukera handirik emango. Horrenbestez, bi neskek nahikoa beldurrez pasatu beharko dute tabernako lanaldia eta egonaldia.
Horraino konta daiteke Kitty Greenen filmeko argumentuaz. Kontua da gerora ere ez dagoela aparteko ezer kontatzeko.
Pelikulak badu erritmoa, badu planteamenduan interes apur bat. Baina ez dago pertsonaietan eta istorioko traman filma iradokitzaile bilakatzeko nahikoa kontrasterik. Hau da, berehala ageri da gatazka: bi neska gazte, gizon matxista mozkor batzuen aurrean bizirauten. Baina Greenek ez du ezer berririk ekartzen, eta ez da aztia izan behar istorioak nondik nora joko duen asmatzeko. Ez da ezustekoetarako tarterik gelditzen; gidoia bestelakoa izan balitz, egin zitekeen zerbait indartsuagoa eta berritzaileagoa...
Alkoholaren gehiegizko kontsumoa da pelikulan ageri den gakoetako bat. Eta eremu toxiko mozkorti hori Australiako barnealdean dago kokatua, baina egon zitekeen Mendebaldeko beste edozein herrialdetan ere.
Julia Garner AEBetako aktore gaztearen interpretazioa da filmetik salbatzen den gauza aipagarri bakanetakoa.
Filma kalitatez urrun gelditzen da, ordea, Ridley Scotten Thelma & Louis (1991) indartsutik, nahiz eta ari diren toki batzuetan harekin alderatzen. Kalterako dira halako alderaketak, ia beti.