Kritika. Musika

Australiako desertuko pop doinuak

'Last of the Natural Light' diskoaren azala.
2026ko irailaren 20a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Billy Gardner & Friends

Australiako zigilu prestigiotsua da Anti Fade Records; izan ere, orain arte herrialde horretako bazterreko hamaika proposamen argitaratu ditu, betiere punk-rock, garage-rock, lo-fi eta esperimentazioaren zingiretan blai eginda eta  Do It Yourself (zuk zeuk egin) filosofiari irmo helduta. Bada, Billy Gardner musikariak eratu zuen zigilua 2011n, eta harrezkeroztik erreferentzia andana argitaratu ditu. Horietariko asko egitasmo pertsonalak dira, gehienak punk-rockari lotuak, tartean, Ausmuteants, Cereal Killer, Smarts, The Judges eta The Living Eyes, baina lagunen diskoak ere plazaratzen ditu, besteak beste, aurtengo otsailean kaleratu duen Station Model Violence post-punk bandaren estreinako lan homonimoa, itzela. 

Oraingoan, baina, Gardnerrek lagunez inguratuta bakarkako lehendabiziko lana argitaratu du, eta horretarako Billy Gardner & Friends proiektua eratu du; Last of the Natural Light, hain justu, egitasmo berri honen hasierako emaitza da. Gardnerrek urteak eman ditu lan hau prestatzen: bost urtez aritu da diskoan jasotako hamaika zirriborroak moldatzen. Ibilbide luze horretan gertu-gertuko lagunen laguntza izan du. Ondorioz, Last of the Natural Light bakarkako lana baino gehiago, obra kolektiboa dela esan daiteke. 

Musikalki, grabazioan bildutako doinuek zerikusi gutxi dute Gardnerrek jorratu ohi dituen sonoritateekin: Last of the Natural Light askotariko obra sinfonikoa da, pop zalea eta instrumentu saldoarekin ondua. Hori dela eta, tarteka itxura barrokoa agertzen du, nahiz eta pop grinaren pultsu bizia lan osoan mantentzen den. 

Diskoa Misty kantuarekin abiatzen da; Violetta Del Conte-Raceren ahotsak haize instrumentuekin jantzitako pop pieza bultzatzen du, gitarra akustikoak jolasean ari diren bitartean. Hasiera bikaina da. Bigarren kantuan ere, The Learning Curve jostalaria, gitarra akustikoak nagusitzen dira, baina teklatuak ere entzuten dira abestiari kutsu elektronikoa eransteko asmoz, eta, azkenik, gitarra solo elektrikoak kantua gailurrera eramaten du. Jay Reatarden diskoetatik aterata dagoela dirudi.

Aurretik aipatutako aniztasun estilistikoa maisuki erakusten dute Rothko eta Western Ring Road doinuek: lehenengoa Marc Bolani lapurtutako glamour handiko boogie kantu dantzagarria da; bigarrenak, berriz, Morriconek spaghetti western baterako idatzitako soinu banda ematen du, techno kutsuko teklatuen ukituekin osatua. Instrumental epikoa da. I’m Still Here abestiak ere antzeko ezaugarriak erakusten ditu: desertutik datorren western tankerako kantu hipnotikoa da. 

Hartara, Last of the Natural Light talde lanaren emaitza da, lagun artean egindako disko entzunaldietatik sortu dena eta lagunekin egindako jam saioetan gauzatu dena. Argi dago Gardnerren kantuak direla, baina estudioan eta entseguetan izan dituen lagunen ekarpena ezinbestekoa izan da, diskoak erakusten duen ugaritasunean koherentzia sendoa ezartzeko. 

Azken boladan gitarrez eginiko pop disko bikainak ateratzen ari dira, tartean, Kiwi Jr. kanadarren lan berria, Blowin’ Up, eta Westside Cowboy britainiarren estreinako lana, It Goes On. Bi lan horiek, baina, ez dute Billy Gardnerren ausardia erakusten bestelako generoetara salto egiteko eta bere estilora ekartzeko pop esentzia galdu gabe.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA