Musika. Soen 'Imperial'

Azal latza eta leuna

Diskoetxea: Silver Lining Music.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Rock progresiboa askotarikoa da, aberatsa eta zirraragarria. Psikodelia klasikoaren eta joera alternatiboen artean sailkatu daitezkeen milaka talde daude. Bi mutur horiek uztartzen dituztenak, ordea, ez dira horrenbeste. Suediako Soen bandak sortu orduko abiatu zuen bilaketa. Muturreko metalean zaildu ondoren, doinu progresiboetan topatu zuten garatu nahi zuten proposamena. Horrela, eboluzio amaigabeari esker iritsi dira Imperial bosgarren diskora.

Martin Lopez bateria jotzaileak atzean utzi zuen Opeth miretsiekin egindako sormen aro paregabea. Osasun arazoak gaindituta itzuli zen musikagintzara, eta Soen proiektua eraiki zuen Joel Ekelöf abeslari zein bidelagun fidelarekin. Elkarrekin egin dute aurrera, alboko musikariak aldatu badira ere. Rock eta metal progresiboa ulertzeko modu bereizgarria lortu dute, eta agerikoa da disko batetik bestera egin duten urratsa. Kritikariak eta entzuleak asaldatu dira, iraultza handirik gabe, estiloa azalberritzea lortu dutelako. Baliteke Imperial izatea urteetako bilaketa horren gailurra, erabateko heldutasuna eta izaera propio baten heldulekua.

Aurreiritziak irensten ditu Soen taldeak. Izan ere, rock progresiboa konplexua eta aspergarria izan ohi da gustuko ez dutenentzat, eta diskoak zein abestiak luzeegiak iruditzen zaizkie. Horrelakorik ez dugu topatuko suediarren bosgarren lanean. Zortzi pieza eta 40 minutu pasa ditu. Kantuak ez dira motzak, baina ezta oso luzeak ere. Erraz entzun daitezke, eta baita lehen unetik gozatu ere. Egitura aldakorren arteko trantsizio arinek melodiak indartzen dituzte. Egia esan, Ekelöfen ahotsarekin dena da posible.

Lehen kolpean bateriak eta riffak dira nagusi, baina berehala dator pasarte malenkoniatsua. Lumerian abiapuntuak erakusten du Soenen azala; latza eta leuna. Biak batera. Ordena horretan, alderantziz, edo etengabe txandakatuz. Horrela bermatzen dute irisgarritasuna. Zirrara ere eragiten dute Monarch eta Illusion altxorrekin. Lehenak, aipatu formula biribiltzen du erritmo aldaketa bakoitzarekin gorputza astinduz. Bigarrenak, psikodelia lauso eta eroso batekin denboran atzera garamatza. Gordinenak bi dira; Antagonist eta Dissident. Suediarrek metal sustrai latzena azaleratzen dute. Aldiz, malenkonia eta alternatiboa ondoen uztartzen dituena Modesty da, une batzuetan Katatonia gogora ekar dezakeena.

Munduaren autosuntsiketa eta enpatia falta dituzte hizpide, musikaren pare jarrita hitzez adierazi nahi dutena. Iragartzen dutena gertatu baino lehen, hainbatetan entzun beharreko soinu banda da eskura jarri dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.