Literatura. Haur eta gazte literatura. 'TANTA BATEN ISTORIOA'

Azalpen nahasgarriak

2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Idazlea: Juan Kruz Igerabide.

Ilustratzailea: Lorena Martinez Oronoz.

Argitaletxea: Ttarttalo.

Igerabidek eta Martinez Oronozek pedagogia eta literatura elkartu dituzte, haurrak nola sortzen diren azaltzeko.

Berez, gaia azalpen errazekoa da: «Amaren sabelean dagoen umekia aitaren eta amaren haziak bertan elkartuz sortzen da. Bederatzi hilabetez amaren umetokian garatu ondoren, jaio egiten da». Baina, tamalez, sexualitatea espiritualitatearekin gurutzatzen den guztietan, azalpen sinpleak itzulinguru nahasgarri bihurtzen ditugu.

Liburuak testu justua du, poesiaren tankeran idatzitako dozena erdi lerro hautsi orrialdeko. Marrazkiak oso adierazkorrak dira, haurrentzako dibulgazio liburu bati dagozkionak.

Testua ere sinple bezain ederra da —Igerabideren ofizio handia—, baina mezua oso nahasgarria gertatzen da. Adibide gisara, kontzepzioari dagokion azalpena ekarriko dugu hona:

Kontzepzioaren gakoak hiru direla azaltzen zaigu. Lehen gakoa «gizakien barru-barruan, arnasa sortzen den lekuan» dagoen tanta «ikusezin» bat da. Bigarrena tantaren jatorria da: «hasieran, tanta ilargian zegoen» esaten zaigu; alegia, tanta berez ilargiaren malko bat dela, gu guztiok ilargiaren seme-alabak garela iradokiz. Eta, hirugarrenik, aitak eta amak musu ematean tanta ilargitik erori eta ezpain elkarketa profitatuaz amaren ahotik sartu eta «[tanta] sabelera heldu zitzaion». Beraz, ilargiak musu baten aitzakian amaren sabelera isurtzen duen tanta baten seme-alabak omen gara... Poetikoa bai, baina pedagogikoa ez dut uste denik, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.