Kritika. Musika

Bakoitza bere tokian, ia

Marta Garcia
2026ko urtarrilaren 28a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Ana Maria Patiño. Biolina: Bomsori. Egitaraua: M. Glinkaren Ruslan eta Ludmila obertura, P. I. Txaikovskiren Biolinerako kontzertua op. 35, F. Ibarrondoren Guernica eta M. Mussorgskyren Erakusketa bateko koadroak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilaren 26a.

Esan behar dut astelehenean Euskadiko Orkestrak Kursaalean eman zuen kontzertuaz izan nuen esperientzia nire inguruan jazotako gertakari batek erabat baldintzatu zuela. Neskato bat zegoen nire aurreko ilaran, 7 edo 8 urteko gaztetxoa, etengabe mugitzen, besaulkian jarrera erosoa topatu ezinik. Inguruan begirada minduak izan ohi dira gehiegizko zarata edo mugimendua sumatzen denean, eta izan ziren nahikoak. Baina begirada horiek ez zuten ikusi, ziurrenik, nola argitu zitzaizkion neskatxo honi begiak Ana Maria Patiño sartzen ikusi zuenean. Batuta ziurra eta keinu doiak ditu, ile-motots luzea dantzan Mikhail Glinkaren Ruslan eta Ludmila obertura kartsuan orkestraren kolore guztiak profitatuz.

Bomsori sartu zen gero Txaikovskiren Biolinerako kontzertua interpretatzeko, errepertorioan gorena, eta are gorenagoa haren eskuetan. Dir-dir egin zuten neskatxaren begiek berriro, eta neu ere kutsatu nintzen bere zirraraz eta aldarte lañoaz. Ederra da musika haurren zentzumenekin hautematen saiatzea, Txaikovskiren melodiarako gaitasun paregabea gogo biziz jasotzera eraman zaitzake. Harien trinkotasun eta soinu betea Allegro moderato-an, orkestrako zurezko haizeen samurtasuna Finale-an, eta Bomsoriren esaldi luze eta zainduak, hari bikoitzak, ezinezkoak diruditen arpegioak, harmoniko orbangabeak, kadentzia bikaina. Den-dena sentitu nuen poroetatik barrura.

Bigarren zatian desagertu egin zen neskatxa, beranduegi baitira kontzertuak haur batentzat. Zorionez, hark utzitako emozio-aurak ondorengo piezak ere inguratu zituen, baita Felix Ibarrondoren estreinaldia ere. Bortitza da idazkeran eta garapenean, perkusioaren eta metalen indarra baliatuz, eta ezegonkortasun kutsua dauka hainbeste konpas aldaketekin, pizzicato ez guztiz doiekin. Gernikaren minak oraindik airean, Modest Mussorgskyren margolan musikalak kolore biziekin aurkeztu zituen orkestrak, Ravelen moldaketan, Patiñok gidatutako dinamika eta kontrasteetan sakonduz. Guztia zegoen bere tokian, besaulkian geldi eta barnea geldigaitz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.