Kritika. Artea

Begirada kritikoa eraikiz

Joan Fontcubertaren 'Monstrorum historia' erakusketa, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Joan Fontcubertaren 'Monstrorum historia' erakusketa, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko maiatzaren 13a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

'monstrorum historia'

Artista: Joan Fontcuberta.

Non: Kutxa Fundazioa Artegunea, Donostian.

Noiz arte: Ekainaren 29ra arte.

Arraroa egiten zait oraindik ere 2025. urtean Tabakalerako Kutxa Fundazioa Artegunearen izaerako espazioak egotea, alegia, arte lengoaia zehatz bati loturiko erakusketa espazioak, beste arte diziplinei betoa jarriaz eta haiei gailenduaz edo. Nolabait, paragoneetara naramate, Berpizkunde garaian sortu ziren eta arte lengoaien arteko lehiak oinarritzat zituzten idatzietara, guztien artean gailentzen zen ikus-artea topatzeko eta defendatzeko helburuarekin egiten zirenak. Eta are arraroagoa egiten zait espazio horretan bereziki argazkilaritza garaikidea erakusten dela kontuan hartuta, aro garaikidean aurrez egondako argazkigintzaren eta artearen arteko nolabaiteko krisi-harremana gaindituta baitago erabat, egun argazkigintza beste arte-lengoaia bat gehiago kontsideratzen delarik.

Eta badakit ez dela lehen aldia halako ideiak plazaratzen ditudana, baina Tabakalerako Kutxaren espaziora barneratzen naizen aldiro nire burutik pasatzen den lehen pentsamendua izaten da eta ezin dut ekidin. Ulertzen dut Kutxak argazki funts garrantzitsua duela, eta, hori aitzakiatzat hartuta, espazio hau lengoaia horri ikusgarritasuna emateko erabili nahi izan dutela; baina Kusaaleko Kubo aretoa arteari eskainita eta Tabakalerakoa argazkigintzari, ez al da bi esparruen arteko bereizketa eta azpimarratzea besterik lortzen? Are nahasgarriagoa suertatzen zait, gainera, beraien ibilbidea bereziki arte esparruan garatutako artisten proposamenak Tabakalerako espazioan aurkezten direnean.

Oraingo kasua horietako bat da: Joan Fontcubertaren Monstrorum historia erakusketa, non, artistaren —argazkilari deitzea murriztailea bailitzateke oso— ibilbide artistikora hurbilketa bat proposatzen den lauzpabost proiekturen bidez: Fauna (1985-1989), Herbarium (1982-1985) eta eHerbarium (2023-2024), What Darwin Missed (2023-2024) eta HeghDI' vem ghaH, tu'lu'Dinosaur (2021-2023) hurrenez hurren.

Erakusketara sartu eta Fauna proiektuaren barruan, beira-arasa batean disekatutako izaki batek egiten du ongietorria. Animalia itxura du, baina ezohiko animalia da zalantzarik gabe: bi oinen gainean agertzen da, dortoka burua du eta gorputzak berriz azeri buztan itxura. Baina zein animalia da hori? Halakorik posible al da? Baina hor dago. Ikusten ari gara. Existitzen da. Erantzuna ezkerraldean kokatutako biniloan dago: Peter Ameisenhaufen zoologo alemaniarrak topatutako ezohiko animalietako bat da. Eta inork zalantzarik egin ez dezan, beste zenbait beira-arasatan zientzialariak munduan zehar topatutako beste hainbat eta hainbat animalia berezi ere ikus ditzake bisitariak, alboan fitxa tekniko-zientifikoa eta bizirik zeudeneko argazkiak dituztelarik: besteak beste, dortoka oskola eta lau hegal dituen hegazti bat, isatstzat sugea duen karraskari bat, eta, guztietan ikusgarriena, sai-hegalak dituen oreina. Eta hala ere, inork oraindik zalantzarik bazuen, beste beira-arasa batzuetan Ameisenhaufen artxibo pertsonala ikus daiteke, bere ikerketarako erabili zituen laborategiko tresna, apunte, argazki eta tramankuluekin.

«Baina ze bitxo arraroak!». «Baina zer diozu?». «Baina zer da hau?». Etengabe entzuten dira halako esaldiak bisitarien ahoetan, eta Fontcuberta pozez egongo litzatekeelakoan nago, bere proiektu eta erakusketarekin zuen asmoa lortu izanagatik. Proiektu hauen bidez, bere nahia errealitatera hurbiltzeko eta ustez haren egiantzekotasuna bermatzeko erabiltzen diren tresnak eta metodoak zalantzan ipintzea baita; bai XIX. mendetik aurrera indarra hartu zuen metodo enpiriko-arrazionala eta baita harekin batera hainbatetan eskutik joandako argazkigintza ere, ikusgarria dena atzitzeko esleitu zaion ahalmenagatik. Dena den, erakusketaren interesa zabalagoa da, eta aurkeztutako bere proiektu berriagoen bidez lortu du artistak hori. Izan ere, Internetaren eta sare sozialen zabalkundearen eta AAren sorreraren ondoren argazkigintzak izandako izaera-aldaketaren inguruko hausnarketak ere nahasten baititu, argazkigintzak gizartean sortutako erronka berrien inguruko gogoetak bultzatuz; hain zabaldutako fake news-ei lotutakoak, adibidez: ikusten dugun oro egia eta benetakoa al da, bada?

Argazkigintzaren erabilera gizartean inoiz baino zabalduagoa dagoen honetan, hari buruz eraiki beharreko begirada kritikoak are eta premia handiagoa hartu du. Eta erakusketa honek, umorez beteta, horri arreta jartzeko aukera eskaintzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.