Kritika. Artea

Begiraden zirkuluan

Ikusle bat 'Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean'  erakusketa ikusten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ikusle bat 'Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean' erakusketa ikusten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2026ko apirilaren 28a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00
'Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean'

Orain dela egun pare bat unibertsitateko klase bat prestatzen ari nintzela, Frida Kahlok 1939an bere amorantea zen Nickolas Murayri idatzi zion gutun bat erabiltzea erabaki nuen. Horren bitartez, historian kristalizatzen diren kontakizun ofizialetatik harago, beste eremu pribatu batean artistek partekatzen dituzten hausnarketa intimo eta gordinak agerian jartzeko aukera ematen zuelako, non desirak, zaurgarritasunak eta kontraesanak ez ziren ezkutatzen. 

Gutun horretan, Frida Kahlok azaltzen zuen Parisen zegoela, gaixo, Andre Breton —surrealismoaren sustatzaile nagusienetako bat— bere lana bilduko zuen erakusketa bat prestatzen ari baitzen. Emaitza, ordea, ez zen artista mexikarrak espero zuena izan: bere lanarekin batera, pentsalari surrealistak Mexikora egindako bidaian merkatuan erositako oroigarriak, XVIII. eta XIX. mendeko artista mexikarren pinturak eta artefaktu antropologikoak uztartu baitzituen, Mexique izenburua zuen erakusketaren pean. 

Titulu eta pieza horien artean integratuta, nolabait lausotuta geratu zen Frida Kahloren lana. Horren adierazgarri izan ziren, halaber, erakusketaren kronikak eta hainbat lekukotasun: arrakasta ukaezina izan bazen ere, artistari buruzko diskurtsoek ez zioten bere lanari behar adinako arreta eskaini. Aitzitik, Andre Bretonek bultzatutako marko horretan, Kahloren figuraren proiekzioa nabarmendu zen batez ere, Mexikoko janzkera tradizionalen erabilera azpimarratuz (janzkera bakarra egongo balitz bezala), eta, horren bidez, exotizazioaren bidez bere irudia bestetasun batean kokatuz. Gaur egun ere gertatzen dena.

Behin klasea amaituta, Artium museora gerturatu nintzen, Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean erakusketara, zehazki. Katalina Lozanok komisariatutako mostra da hori, eta begiradaren politikak jartzen ditu eztabaidaren erdigunean, deserosoa izan daitekeen galdera bat planteatuz: nondik begiratzen dugu, eta zer eraikitzen dugu begiratzen dugun une berean? 

Horrek Kahloren Parisko esperientzia ekarri zidan burura; hala ere, erakusketan aurrera egin ahala, bestelako hausnarketa batzuk ere agertuz joan ziren, nire hasierako intuizio hori zabalduz. Konplexutasun handiz egituratuta dagoen komisariotza honek ez du erantzun itxirik proposatzen, baina hasieran jada Mendebaldeko modernitateak eraikitako bestetasunaren irudikapen modu klasikoak kolokan jartzen ditu. 

Erakusketa hiru espaziotan antolatzen da. Lehen biek oinarri teorikoak eta abiapuntua ezartzen dituzte. Bertan aurkezten diren Maya Deren, Trinh T. Minh-ha eta Juan Downeyren ikus-entzunezkoen bitartez agerian geratzen da begirada ez dela tresna neutroa, baizik eta botere-harremanek zeharkatutako dispositibo bat. Bereziki, Ipar Globaletik kanpoko kultura-ereduak aztertzean erabili izan diren irizpide zientifistak deseraikitzen dira, eta erakusten da objektibotasunaren atzean beti daudela botere-harremanek baldintzatutako ikuspegiak. Horrela, bestelako harreman antropologikoak irudikatzeko moduak proposatzen dira, konposizio eta ikuspegi alternatiboen bidez.

Horiek, nolabait, hirugarren aretoan gertatzen den murgiltzea prestatzeko aurrekari gisa uler daitezke. Hortik aurrera, erakusketak konstelazio moduko egitura bat proposatzen du. Bertan aurkezten diren lanen arteko loturak ez dira linealak, baizik eta espazioan zehar ehuntzen diren elkarrizketa gurutzatuak. Batzuetan, artistek errealitatearen elementuak manipulatzen dituzte, irudi dokumentalaren itxurazko neutraltasuna zalantzan jarriz; beste batzuetan, erregistro-ekintza bera bihurtzen da gogoetarako gune.

Horrek hari narratibo bakar bat identifikatzea zailtzen du, baina, aldi berean, ikusleari aukera ematen dio ibilbidea modu autonomoan egiteko eta, horren bidez, paper aktibo bat hartzeko piezen arteko harremanak esploratzean. Eta, hain zuzen, euskarrien aniztasunak —bideoa, pintura edo bestelako formatuak— indartu egiten du ikuspegi hori. 

Posizionamendu horretatik, bideoz bideo eta pinturaz pintura, gure begiradaren baldintzak etengabe zalantzan jartzen dituen espazio baten parte bilakatzen gara. Murgiltze horrek, gainera, ikuslea interpelatzen du, eta ia ezinbestean galdera beretara eramaten gaitu: nola eratzen dira behatzailearen eta behatuaren arteko posizioak, eta zein botere-harremanek sostengatzen dituzte?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA