Kritika. Musika

Berezko bikotea

Gena
2026ko maiatzaren 17a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

GENA

Martin telesaileko Gina izeneko pertsonaian oinarrituko izendapena da Gena, eta lau hizkiko izen horren atzean R&B garaikideko bi sortzaile estatubatuar daude: Hailee Williams eta Karriem Riggins. Lehenengoak Liv.e izenpean aurkezten ditu bere diskoak, eta orain arte hiru lan plazaratu ditu. Grabazio horietan sustrai beltzeko soinuak fusionatzen ditu, besteak beste, gospela, soula, jazza eta hip-hopa; Karriem Riggins, berriz, eskarmentu handiko musikaria da: bateria jotzailea eta ekoizlea, jazzeko eta hip-hopeko hamaika izarrekin aritua, hala nola Oscar Peterson, Roy Hargrove, Esperanza Spalding, J Dilla, Common , Madlib eta Erykah Badurekin.

Egitasmo hau gauzatzeko, Riggins jazz kutsuko hip-hop erritmoetan murgildu da, eta, hala, R&B bitxi bezain esperimentala sortu du. Aldean, baina, Williams izan du, kantuak abesteko eta hitzak egiteko. Biekin batera hainbat musikari aritu dira estudioan, tartean Isaiah Sharkey gitarra jotzailea, Burniss Travis baxu jotzailea eta James Francies teklatu jotzailea.

Diskoan jasotako hamasei doinuak neosoula eta jazz-rapa lotzen diren eremu zabalean kokatzen dira, eta, giro lasaiak nagusituagatik ere, esperimentaziorako lekua ere badago, ahots, erritmo eta bateria geruzak nahierara erabili baititu bikoteak. 

Horrenbestez, emaitza koloretsua eta gozagarria da, entzunaldien poderioz hazi baino egiten ez den obra bihurtzeraino, entzuleak grabazioaren muinera iristeko, saldoka soinu geruza zeharkatu beharko baititu.

Hala, bikotea lotsagabe aritu da ekoizpen lanean. Horren adierazle da This Is So Crazy, non emakumezko eta gizonezko ahotsak tartekatzen diren, Prince-ren tankerako gitarra solo batekin topo egin arte, baita jarraian datorren Lead It Up ere, Sadek grabatutako abesti berri baten dirudiena, berriz ere Prince-ren itzala nabaritzen dela. 

Produkzioa detailez josita dago, eta horrek bestelako fintasuna eransten die kantuei; esaterako, Dream a Twinkle abestiaren azken zatian entzuten diren harpak eta Howweflow kantuko soul kutsuko ahotsak, kasik zerutarrak. Baina erritmo biziagoetarako lekua ere badago lan honetan: You've Outdone Yourself Today eta Circlesz doinuetan funkerako joera sotila antzematen da. Horren harira, diskoa ixten duen omo iya ati baba ere esanguratsua da, afro sustraidun kantua izan arren dotoreziaz aurkezten baita, gospel espirituko ahotsen lana tarteko; bateriaren presentzia ere aipagarria da.

Hartara, disko barea da bere osotasunean, baina zehaztasun andana gordetzen duena. Argi dago bi sortzaileek esperimentatzeko eta jolasteko baliatu dutela kolaborazio hau, baina horrek ez du garraztu fruitua; sendotu eta eztitu baizik. Hori guztia dela eta, disko berezia da, arreta erraz erakartzen duena, eta lanaren soinua hartuko duen lekua perkusio erritmoz eta gozotasunez beteko duena. Etxeko epeltasunean entzutea baino ez duzue...

Esperimentala eta organikoa, etengabe hedatzen dena. Karriem Rigginsek berak hala azaldu du: «Liv.e-k inspiratzen nau, mugarik gabe eta generorik gabe. Jendea musikan dagoen energia horren guztiaren lekuko izatea nahi dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA