'Les effets de la vie en groupe'
Non: Bilbo Arten. Noiz arte: Apirilaren 29ra arte. Artista: Karlos Martinez B.Apirilean zehar Bilbao Arte fundazioak bertan ekoiztutako bigarren erakusketa aurkezten digu. Urteroko beka programarekin lotuta, 2015. urtean laguntza hau jaso zuten 35 artistetatik gutxi batzuk bakarkako erakusketa bat egiteko hautatuak izaten dira, eta hauen artean dago Karlos Martinez. 1960ko hamarkadako Sciences & Avenir aldizkaritik datorkio izenburua erakusketari. Artistak aldizkaria Bordeleko azoka batean lortu zuen eta, hasieran erakusketaren inguruko datu soil bat dirudien arren, bere garrantzia badu. Erakusketaren muina ahanzturaren inguruan eraikitzen da, kontzeptu honen inguruan pibotatuz memoria, eta, honen bitartez, eraikitzeko prozesuen ibilbide bat aurkezten zaigu. Horrela, Urazurrutia kaleko arte aretoa liburu, oroigarri edo imitaziozko bitxiekin lotzen den ahanzturaren espazio bilakatzen da, eta balio ekonomiko baxuaren bidetik bigarren eskuko denda, galdutako kaxa edo almazen galduen pilaketara igortzen gaituen giro emozional bat eraikitzen da.
Ahaztutako objektuaren ideia orokor hori bere egiten du Martinezek, erakusketan erabiltzen dituen material eta objektuak artistaren haurtzaroarekin zuzenki lotzen baitira. Oro har, erakusketan aurkezten den lan multzoa eskultura eta serigrafietan banatzen da; hala, hauen artean eta pieza ezberdinen parte izanik, liburu, luma, maskor edo ontziek ikuslearekin harreman intimo bat sortzen dute. Objektuek beren kabuz erakusten duten indefinizioaren atzean, artistak haiek landu, birmoldatu eta aurkeztu dituen bideetatik, objektu fisikoen espazio komunetik artistaren memoria edo psike pertsonal batera garamatzate. Ahanztura gogoratzeko prozesu bat bilakatzen da, eta definizioaren eta indefinizioaren artean objektuak sortzen dira.
Horrela, sortutako lanek espazioarekin harreman berezi bat eraikitzen dute; antolaketa aldetik, pertsonalki orain arte Bilbao Arte fundazioko erakustaretoan ikusi dudan proposamenik ausartenetakoa da. Erakustaretoa guztiz zabaldu zaio ikusleari, aretoaren erdian dauden hiru zutabeak integratu dira, eta erakustaretoan gailentzen den hainbat metro luze den oinarri baxu bat aurkezten zaigu. Bertan kokatzen da multzo eskultorikoa osatzen duten artelanen gehiengoa. Oinarri horren albo batera, azalera handiko oihal erdi-garden batek paretaren kontra altxatzen den liburu multzo bat gordetzen duen bitartean, gainontzeko paretetan zehar kopia bakarreko hainbat serigrafia ikus ditzakegu, aldizkari zaharrak edo kameleoiaren irudiak—azken hau mimesiaren kontzeptuarekin loturik— integratzen dituztenak. Argiztatzea ere garrantzitsua da erakusketan; argi artifizialaren erabilera arin bati egun argiko argia gehitzen zaio. Horretarako, erakustaretoko pareta bat mugitu da, kanpoaldeko leiho zabal bat berreskuratuz.
Ahanztura memoriarekin zuzenki lotzen den kontzeptua da, baten emaitzak bestea eragiten baitu. Memoriaren berreskuratzeak orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa bat ahalbidetzen du, giza ekintza bezala iraganarekin ditugun loturak definitzeko; era berean, gogoratzeko erabiltzen ditugun bideek orainean garena zehazten dute. Hala ere, ideia hau ez da gaur egungo aurrerapen teknologiko nahiz informatikoekin lotzen den memoria bikain eta mugagabearekin harremantzen, grezieratik datorkigun memoriaren prisma hermeneutikoarekin baizik («azaldu, itzuli edo interpretatzeko artea»). Honek oroitzapenen berreskuratzea, moldaketa, klasifikazio eta hautaketa bat eskatzen du, memoria eta jakintzaren arkeologia. Arkeologiak barruko aldetik lan egiten du, informazio hau berreskuratzeaz gain berau antolatuz, banatuz, zuzenduz, klasifikatuz, definituz, harremanak deskribatuz eta diskurtsoak garatuz. Eta hori informazioaren ordenarekin zuzenki lotzen da, Karlos Martinez B.-k erakusketari ezarri dion tituluak aipamen egiten baitie gizakiok ordenaren aurrean erantzuteko ditugun moduei.
Martinezen kasuan erabilitako bideak artistikoak dira, eta espresio modu pertsonal eta subjektiboetatik garatzen diren artelanak taldean zabaltzen dira. Martinezen kasuan oso bitxia da memoriaren ustezko indefinizio etereo honek zein emaitza fisiko eragiten dituen. Bereziki interesgarriak iruditzen zaizkit burdina, igeltsua edo harriak konbinatuz sortzen dituen eskultura multzoak, kasu askotan indefinizio horren adibide baitira. Batzuk hondakin moduan aurkezten diren bitartean, besteak, burdinazko estruktura ezberdinen bitartez espaziora egokitzen dira, iraganak orainean tokia aurkitu balu bezala. Besteak, berriz, bidean galdu dira.