Kritika. Arte mota

Bikaintasunaren bila

Arkaitz Mendoza.
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Salzburgoko Kamerata

Zuzendaria: Mark Wigglesworth. Mezzosopranoa: Petra Lang. Tenorra: Christian Elsner. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Ekainak 1

Salzburgo hiria betidanik erlazionatu izan da musikarekin, eta honakoan ez da motz sentitu uste hau; Salzburgoko Kamerata Mozarteum musika eskola famatutik irtendako ikasle eta irakaslerik bikainenek osatzen dute, eta beren ezaugarri eta goiburua honako hauxe da: bikaintasunaren bila. Izugarria izan da musikari horien mailaz gozatzea, edozein eratako ñabardura oro kontrolpean, afinazioa zoragarri, sentiberatasuna hunkigarri eta musikaren nondik norakoetan jakinduria apartekoa. Bi boskote genituen ardatz finko gisa: bata harizkoa, bestea zurezko haizezkoa. Pianoa, zelesta, harmonioa, perkusioa eta harpa gehituta, hor genuen Kamerata liluragarria.

Flautaren xuxurla Debussyren Prélude à l'après-midi d'un faune obran hasiera kilikagarria izan zen, kontzertu osoan nabarmengarri garatu zen ezaugarria finkatuz: musikarien arteko elkar entzuna. Batak besteari arreta osoz entzuten eta laguntzen aritu ziren emanaldi osoan, bakarkako lanari taldekako zeregina atxikiz. Anton Webern konposatzailearen musika seriala garbi oso dastatzen da bere Orkestrarako 6 Pieza-k entzutean. Erritmo bakunak, kontrajarriak eta dinamika irizpide argi-ilunak bikain gainditu zituen Wigglesworth zuzendari ingelesak.

Hogei minutu eskasetan etenaldia izan genuen, eta entzuleriak geldirik eutsi zion beren eserlekuetan, Gustav Mahlerren Lurraren abestia programatua baikenuen bigarren atalean. Orkestra talde gutxi ausartzen dira ordubete luzeko obratzar horri aurre egitera, eta kasu honetan Kamerata austriarra ez zen ausardiara mugatu, guztiz irentsi baitzuen obra erromantikoa. Ikasgai ikaragarria plazaratu zuten Elsner tenorraren eta Lang mezzosopranoaren laguntzarekin; goraipatzekotan, oro goraipatu beharko genuke. Ez zen ustelkeriarik, oztoporik, axolagabekeriarik ezta kamusadarik nabaritu Mahlerren interpretazio bikain horretan. Elsner tinko eta adoretsu Von der Jugend pasartean, Lang distiratsu Von der Schönheit igurztean, eta Salzburgoko Kamerata txalogarri beren bikaintasunaren bilaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.