'Ziga bilduma'
Erakusketa bat ikustera gerturatzen garenean, espazioari baino gehiago artelanek esaten digutenari erreparatzea izan ohi da helburua. Hala, zenbaitetan, artelan batetik bestera egiten den ibilbidean zentratzen da esperientzia: piezen arteko tartea zabala izaten da, bakoitzak arnasa har dezan, eta pareta zuri neutroek begirada artelanean bertan finkatzea ahalbidetzen dute. Kontzepzio hori XX. mendearen bigarren erdialdean egonkortu zen.
Hori baino lehen, ordea, erakusketen egitura nolabaiteko maximalismo baten menpe zegoen. Horren adibiderik esanguratsuena XIX. mendetik aurrera hedatu zen Parisko saloien eredua izan zen: hormak goitik behera estaltzen zituzten koadroen pilaketek ordena eta hierarkia jakin bati jarraitzen zioten. Eta, zenbaitetan, neure buruari galdetzen diot zenbateraino baldintzatzen ote zuen horrek artisten sormen-prozesua bera; izan ere, gaur egun artelanaren instalazioak pisu handia du artista askoren lanean.
Iruñeko Pompelo Civivoxen dagoen Ziga bildumaren erakusketara gerturatzen bazarete, denboran atzera egingo duzue, aipatutako erakusketa-eredu horretan kokatuz. Izan ere, erakusketak Javier Zigaren obraren atzera begirako irakurketa proposatzen du, artistak bizitako garaira hurbilduz bisitaria. Erakusketaren komisarioa Pello Fernandez Oyaregui da, eta proposamen museografikoaren bidez irakurketa historiko eta artistiko hori egituratzen du.
Javier Zigak (1877-1960) Iruñean ekin zion bere formakuntza artistikoari, eta Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademian eman jarraipena, eta Parisera lekualdatu zen horren ostean. Bere pinturak garai horretan garatzen ari ziren tendentzia artistikoen isla argia dira, eta zentzu horretan errealismoa, kostunbrismoa, inpresionismoa, erretratugintza, pintura historikoa... uztartzen dituzten 133 pinturek artistaren garapen plastikoaren berri emateko aukera ematen dute.
Espazioan barneratzen garen momentuan harrera egingo digun lehenengo pieza artistaren autorretratu bat izango da. Berak pintura eta pintzela esku artean heltzen dituen bitartean begirada mihisetik altxatzen du, eta guri begira, mihise horretan inguratzen gaituen zerbait irudikatzen ari dela sentiarazten digu.
Begiraden bitartez sortzen den elkarrizketa hori atzean uzten dugunean, besteak beste, Zigak Madrilgo egonaldiaren eraginez garatu zuen interes sozialekin lotutako pinturak agertzen zaizkigu. Bertan, zaila da artistak irudikatzen dituen pertsonaien dimentsio psikologikoarekin ez konektatzea, eta, hain zuzen, hori da erakusketa osoan arnastuko duguna; batez ere, erretratuen kasuan gertatuko da hori.
Halaber, artistak Parisen egindako egonaldiak agerian uzten du XIX. mendearen amaieran eraldatzen hasi zen egitura artistikoarekin izan zuen harremana ere. Izan ere, inpresionismoaren eragina nabaria da Parisko kaleetan egindako eskala txikiko pinturetan; bertan, bat-batekotasunak eta argiak konposizioaren eraikuntzan hartzen duelako protagonismoa.
Baina, batez ere, nire ikuseremuan arrasto handiena utzi dutenak Zigak Baztanen egindako paisaiak eta erretratuak izan dira. Elizondoko azokako figurak edo emakume agoten erretratuak behatzen ditudan bitartean, askotan geure buruari egiten ez diogun galdera batek zeharkatu ninduen: zer alde dago erretratuaren eta pintura kostunbristaren artean —erakusketan «etnografiko» gisa izendatuak diren horien artean—?
Izan ere, alde batetik, izena duten erretratuak aurkitzen ditugu: arropa garaikide eta dotoreekin irudikatutako pertsonaiak, beren posizio ekonomikoaren isla direnak. Bestetik, Baztango paisaiak eta bertako biztanleak erakusten dituzten margolanak daude; baina, kasu horretan, irudikatutako pertsonak anonimotasunean geratzen dira, izenik gabe eta beren bizitzaren arrastorik gabe.
Kontraste horrek pentsarazten dit noren izenek lortzen duten memoria kolektiboaren parte izatea, eta nortzuk geratzen diren transmisioaren bidez soilik bizirik dirauen memoria intimo eta isilaren babespean.